AKTUALITATEA


| 2026-04-13 08:44:00

Gipuzkoako egoitzetako lan hitzarmenaren negoziazioak premiazko irtenbidea behar duela ohartarazita, EH Bilduk Aldundiari gogoraraziko dio plaza publikoen arduraduna den heinean ezin duela beste alde batera begiratu; eta lidergoa hartu behar duela lan-gatazka konpontzeko.


Gipuzkoako zaintza sistema duintzea lehen lerroko egitekoa da EH Bilduren ustez; atzeratu ezin daitekeena. Eta horretarako, giltzarri nagusietako bat da egoitzetako langileen lan baldintzak hobetzea, besteak beste, zaharkituta dagoen sektoreko hitzarmen kolektiboa berrituta.

Ezker subiranistaren ustez ez da onargarria sektorean dagoen prekaritatea erakundeen utzikeriagatik luzatzea. EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaile Maddalen Iriartek gogorarazi du langileen ia erdiek lanaldi partziala dutela, soldata-arrakala handia dela oraindik, eta lan-kargak gehiegizkoak direla. Esaterako, gaur egun zaintzaile batek 92 minutu besterik ezin dizkio eskaini egoiliar bakoitzari, eta EH Bilduren iritziz, datu horiek guztiak ez datoz bat Aldundiak aldarrikatzen duen zaintza ereduarekin.

Horrez gain, Iriartek gogorarazi du azken aurrekontu akordioan Elkarrekin-ek eta Aldundiak adostu zutela ratioak jaistea eta langileen baldintzak hobetzea. Hala ere, neurri horiek ez dira oraindik gauzatu, eta negoziazioak blokeatuta jarraitzen du. Eta azken greben ondoren patronalak proposamen bat aurkeztu badu ere, sindikatuek adierazi dute ez dela nahikoa.

Egoera honen aurrean, EH Bilduk argi du erantzukizun nagusia Gipuzkoako Foru Aldundiarena dela. Plaza publikoen arduraduna den heinean, ezin duela beste alde batera begiratu, eta lidergoa hartu behar duela lan gatazka konpondu eta langileen baldintzak eguneratzeko.

Ildo horretan, EH Bilduk proposamen zehatza aurkeztuko du aste honetako Batzar Nagusietako osoko bilkuran: Aldundiak lan hitzarmenaren negoziazioan parte har dezala, eta horretarako, sindikatu eta patronalarekin eseri dadila, akordio sendo eta zabal bat lortzeko.

Zaintza duina bermatzea ez da aukera bat, erakundeen betebeharra baizik.