Gipuzkoa

Aizpurua: “Subiranisten elkarlanak eta ordezkaritza indartsu batek ekidin dezake PSOEk eskuinari besarkatuta bukatzea”

Gipuzkoako ezker subiranista Madrilen ordezkatzea nahi dugun pertsonak elkartu gara gaur hemen. Gure jardun eta ibilbide profesionalean eta politikoan zintzotasunez egin dugu lan, bakoitzak bere eremuan. Emandako hitza betetzen dugula erakutsi dugu, fidagarriak garela. Esandakoa betetzen dugu eta atsedenik hartu gabe aritzen gara lanean, ezarritako helburuak betetzeko.

| 2019-10-28 17:34:00

 

Euskal Herriko gizarteari, eta batez ere Gipuzkoako gizarteari, gaur helerazi nahi diogu inoiz baino garrantzitsuagoa dela ezker subiranistak ahots propioa eta ordezkaritza indartsua izatea Madrilen, Espainiako Estatuak eta bere botere faktikoek abian duten inboluzio antidemokratikoari aurre egin ahal izateko. Hutsik egingo ez duen ahots soberanista behar dugu Madrilen, fidagarria, euskal jendartearen interesak alderdi interesen aurretik jarriko dituena. Espainiako Estatuko gainontzeko indar subiranistekin elkarlanean aritzeko gai izango dena. EH Bilduren eta hemen ditugun pertsonen ahotsa da hori.

 

Espainiako Estatua egiten ari den injustizien lekuko izan gara asteburu luze honetan, bai Euskal Herrian eta bai Katalunian. Ehundaka mila pertsona kalera irtetea eta horrek daukan indarraren lekuko izan nintzen larunbatean, espetxeratuta dauden ordezkari independentistak berehala aske uzteko eta autodeterminazio eskubide demokratikoa aldarrikatzeko Bartzelonan egin zen manifestazio erraldoian. Bertan egon ziren Kataluniako indar subiranista guztietako ordezkariak. Batasun eta kemen horrek emaitzak ekarriko ditu. Eta zer esan larunbatean Iruñean ikusitakoaz, Altsasuko gazteei eta haien familiei elkartasuna eta babesa agertzeko mobilizazioan. Hamarnaka mila pertsona elkar hartuta, Espainiako Estatuaren bidegabekeriak eta bere izaera atzerakoia salatuz. Eredugarriak izan ziren bi mobilizazioak, txanpon berarekin bi aldeak islatzen dituztenak.

 

Bi mobilizazio erraldoi horien aurretik, aurrekaririk gabeko ekimen baten egoteko aukera izan nuen, joan den ostiralean, Bartzelonan: Espainiako Estatuko indar subiranistetako ordezkariak elkar hartuta, gutxieneko programa bat izenpetzen eta beren herrien autodeterminazio eskubideareb defentsan elkarlanean aritzeko konpromiso publikoa hartzen; azken baten, jendarte eta herri erabat demokratikoak eraikitzeko helburua izango duen bidea bultzatzeko konpromisoa hartuaz. Ohore izan zen ekitaldi horretan egotea. Eta ohorea izango da elkarlan horrek emango dituen emaitza berrien parte izatea.

 

Hori guztia gertatzen zen bitartean, duela bi urteko urriaren 3an Borboiak egindako diskurtsoarekin abian jarri zen kontraerreformaren beso politikoa ordezkatzen duten alderdi politikoak Bartzelonako kaleetara irten ziren atzo. PSOE, PP, Ciudadanos, eta baita Vox, eskutik helduta eta Espainiako banderekin Bartzelonako kaleetan, Espainiako batasunaren defentsan. Bai, duela hilabete batzuk gobernu “aurrerakoiaren” berme eta balio demokratikoen defendatzaile gisa aurkezten zitzaigun PSOE bera Bartzelonako kaleetan izan zen atzo Europako eskuin atzerakoienarekin, eskuetan Espainiako bandera zeukala.

 

PSOEk bi aukera izango ditu azaroaren 10eko hauteskundeen ostean: Espainiako eskuinari besarkatu, Espainiako batasun hautsiezina bermatzea helburu bakar daukan inboluzio antidemokratikoan sakontzeko; edo, Estatu osoko indar subiranistekin batera aritu, nazio aniztasuna eta herrien autodeterminazio eskubidea errespetatu, demokraziarako bidea eginez.

 

Euskal gizarteak oso argi izan behar du gauza bat: Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako subiranisten ordezkaritza indartsu batek bakarrik ekidingo du PSOEk Espainiako eskuinari besarkatuta bukatzea. Ekuazio oso sinplea eta erraza da: PSOEren asmoak aldatzeko ordezkaritza indartsua lortzen dugu subiranistok edo Espainiako Estatuak kontraerreforma antidemokratikoan sakontzeko bidean aurrera egingo du, horrek herritarren ongizate politiko, ekonomiko eta sozialean dituen ondorio kaltegarriekin.

EH Bildk eta EAJ-k Gipuzkoako Batzar Nagusietan Procesaren epaiketa bidegabea dela aitortu dute

Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epai bidegabeak sortutako larrialdi egoerak behartuta, Gipuzkoako Batzar Nagusiek ahalik eta lasterren honako erakunde-adierazpen proposamena onartzea eskatu dute

| 2019-10-17 16:01:00

1. Gipuzkoako Batzar Nagusiek ziurtatzen dute demokraziaren adierazpen baketsua, indibiduala zein kolektiboa, gauzatzea eta herriari hitza ematea ez dela delitua. Hori horrela, urriak 1eko
erreferenduma tresna demokratiko eta zilegia izan zela, eta Kataluniak bezala Euskal Herriak ere, berezkoa dutela etorkizuna erabakitzeko eskubidea.


2. Gipuzkoako Batzar Nagusiek argi eta garbi adierazten dute ezin direla justifikatu Auzitegi Gorenak eta Estatuko botereek Kataluniako agintari eta gizarte eragileei bizkarreratutako auzia eta ezarritako zigorrak.


3. Gipuzkoako Batzar Nagusiek nabarmentzen dute Kataluniako Procesaren aurkako auziak eta epaiak Zuzenbide Estatuaren itxuragabetzea dakartela eta ezbaian jartzen dutela espainiar demokraziaren homologazioa nazioartean.


4. Gipuzkoako Batzar Nagusiek azpimarratzen dute euskal herritarrei zuzenean eragiten digula Estatu espainiarraren erantzun bortitzak, izan ere herrien borondatea era demokratiko eta baketsuz
erabakitzea mozten baitu eta arazo politikoari tribunalen indarrez, 155. Artikuluaren ezarpenez edo erabakitze eskubidearen alde egiten dutenei edonolako neurri bidegabeak ezarriz irtenbide elkarrizketatu eta negoziatua bilatu ordez eta herriari galdetu beharrean.


5. Gipuzkoako Batzar Nagusiek Estatuko botereei eskatzen diete, espetxean dauden preso politikoak
berehala aske utz ditzala eta era berean, erbesteratu politikoen aurkako auzibideak bertan beher utz ditzala.


6. Gipuzkoako Batzar Nagusiek elkartasuna adierazten diete Kataluniako preso eta erbesteratu politikoei nahiz haien etxekoei hala nola Kataluniako herriari eta erakundeei, eta gipuzkoarrei dei egiten diete bat egin dezaten herriari hitza ematearen aldeko ekimen baketsuekin, demokraziaren eta askatasunaren alde.

 

 

EMAKUME BASERRITARRAK: ERREKONOZIMENDUTIK HARAGO

Eneritz Otamendi eta Mirene Begiristain Ehbilduko Landa Inguruneko Gipuzkoako Batzarkideak

| 2019-10-15 12:16:00

2008az geroztik Nazio Batuen Erakundeak (NBE) izendatuta urriaren 15ean Emakume Baserritarren eguna ospatzen da mundu osoan; izendapen hau landa inguruneko emakumeen lanari errekonozimendua eman nahian egin zen. Gure baserrietan ere emakumeak nekazaritza lanetan eskuz esku lan egin izan du mendetan, eta egungo datuak ere horixe esaten digute, baserriko lanen %50 emakumeek egiten dituztela. Baina baserriko lanez gain, eta genero rolen banaketaren ondorioz, landa eremutan emakumeek etxeko lanen, zaintza lanen, garbiketa, sukaldea eta beste hainbaten kargu hartzen dute. Eta errealitate horretan, hainbat gizarte, lege eta kultur mugei aurre egin behar izaten diote.

 

Ikusezinak izan dira zentzu askotan, maila sozialean, ekonomikoan lan esparruan eta juridikoki. Beraz, Emakume Baserritarraren eguna ospatzen dugun honetan, ezinbestekoa egiten da emakume baserritarrei aitortza egitea, izan duten eta duten lekua ematea, eta, bere lana ikusaraziz, errekonozituak senti araztea.

 

Baina, badira, aitortza horretatik harago, olatu feministarekin identifikatzen diren emakume baserritarrak ere. Beren lekua errebindikatzetik harago beren lekua hartzen dabiltzanak. Emakume Baserritarren Estatutua paperean idatzita egotetik aplikazioa sustatu dadila eskatzen dutenak. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean aho batez legea onartu eta gero lau urte pasa dira, eta aipatutako babes falta juridiko eta laboralarekin bukatzeko onartu zenak ez ditu inolaz ere bete orduko espektatibak, legean jasotakoa betearazteko ez baita inolako baliabiderik jarri. Beti bezala intentzioak onak dira, emakumeak dituzten eskubideez jabe daitezen informatzeko eskuorrik ateratzen dira, sozialki errekonozitzeko ekitaldiak egiten dira,… baina emakume baserritar askoren egunerokoak berdin darrai.

 

NBEak izendatutako Emakume Baserritarren egun hau, urtero gai zehatz baten inguruan kokatzen du. Aurtengo gaia Emakume baserritarrak erresilientzia klimatikoaren sortzaileak da. Aldaketa klimatikoa ahoz aho dago, eguna joan eta eguna etorri, titularretan, parlamentuetan eta kalean. Baina horretan ere ezinbestekoa da baserritarrek ingurumenean duten eragin positiboei dagokien balioa ematea eta funtzioa aitortzea, eta bereziki modu jasangarri lan egingo duen baserri eredu bat sustatzea. Euskal herrian baserriak azken hamarkadetan egin duen ibilbide industrialarekin -baserriak maskulinizatuz, handituz eta mekanizatuz- emakumeak bere lekua eredu horretan hartzea zaildu du edo zuzenean ez du emakumea kontuan hartu, horrekin ere baserrien hustea sustatuz. Eta horrek guztiak lotura zuzena du aurtengoan egun honi eman nahi zaion aldarrikapenarekin. Aldaketa klimatikoak bizigarria eta iraunkorra den baserri eredu batekin lotura zuzena baitu.

 

Beraz, baserri unitateak giza neurrira ekartzeaz hitz egin behar badugu, emakumeek duten lekuaz ere hitz egin beharko dugu. Badugu beraz zer errekonozitu, baina baita ere zer borrokatu. Baserriak etorkizuna izango badu emakume baserritarrekin izango da, edo ez du izango.

Gipuzkoak urtean 100 milioi galtzen jarraitzen du

Ekarpen legearen desorekak orekatzeko konpromisoa hartu zuen EAJk eta ez du hitza bete. EAEko lurraldeen arteko desoreken ondorioz, Gipuzkoak 100 milioi inguru galtzen jarraituko du.

| 2019-10-14 13:07:00

Ekarpen legeari jarritako “partxea”k ez dio EAEko lurraldeen arteko desorekari soluziorik ematen eta horregatik behar-beharrezkoa da legearen berritze bat.

 

Zerga bilketari dagokionez, azkenengo datu akumulatuak ikusita, abuztuaren 31koak, zalantzak ditugu aurreikuspen baikorregia ez ote dituen egiten EAJk txosten honetan. Izan ere, aurreikuspena %4,2ra iristea da eta data horretan %0,4ean zegoen bilketa.

 

Aurreikuspenak ez betetzeak kezka sortzen digu, bereziki, Udal Fondoan horrek izan dezakeen eraginean eta ondorioz, Gipuzkoako Udalen aurrekontuetan.

 

Datuek argi erakusten dute, zerga bilketaren karga handiena langileen bizkar ematen dela eta, bitartean, EAJ-PSEk Elkarteen gaineko legean eta Ondarearen gaineko legean egindako aldaketen ondorioz, aberatsenek ekarpen txikiagoa egiten dutela.

Hondarribiko alardean emakumeen eskubideen urraketa bat dagoela aitortu gabe jarraitzen dute EAJ eta PSEk

| 2019-10-09 13:20:00

Hondarribiko alardea konponbide norabidean jartzeko, emakumeen eskubideak oinarrian izango dituen elkarrizketa sustatu eta horretarako baliabideak jartzeko eskatu du EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan baina horren aurrean, emakumeen eskubideak aipatzen ez dituen PSEren Osoko zuzenketaren puntu bakarra onartu dute EAJ eta PSEk.

 

Amaia Azkue batzarkideak nabarmendu du emakumeen eskubideen urraketa dagoen bitartean, erdian kokatzeak urraketa horien alde kokatzea adierazi nahi duela. “Zuek jakitun zarete, lehenago edo geroago baina epe motzean hau konponduko dela, herriko jendea, gazteak… “betiko” alardeko partehartzaileak mugitu dira, zuetako batzuek etxean ere ikusi duzue nola ari den gailentzen emakumeen parte hartzearen aldeko jarrera, gizartearen gehiengoarentzat onartezina delako gauden garaietan gisa honetako debekuak indarrean egotea, jaietan emakumeok libre eta benetako berdintasunean, beste alorretan bezelaxe parte hartzeko eskubidea dugulako, mugarik gabe” adierazi du Azkuek.

 

Gaineratu du ezinbestekoa dela Aldundiak, “gipuzkoarron ordezkaritza instituzional honek, jarrera determinantea erakustea gai honetan, emakume gipuzkoar batzuen eskubideak behin eta berriz urratzen ari direlako. Ondare kulturalak, herrietako ohiturak, ez dira galduko emakumezkoak onartuko dituen alarde bakarra izango denean; orduan jaiak errespetuzkoak, zoriontsuak eta herrikoiak izango dira. Eta gu asko poztuko gara hori bizitzen dugunean, baina ordurartekoa ez dugu nekez ahaztuko, eta urteetako min horren errekonozimendua ere, beharko da“, ohartarazi du Azkuek.

ALBISTEAK

Herritarren bizitza hobetzeko EH Bilduren prestutasuna erakusten du Eibarko aurrekontu akordioak

2021-01-07 16:48:00

Neurri sozialak indartzen dituen aurrekontu akordioa lortu du EH Bilduk PSErekin Eibarren. Akordioak, batetik, elkarrizketarako eta akordioetara iritsi ahal izateko EH Bilduk duen gaitasuna berresten du. Eta, bestetik, EH Bilduk akordio bat sinatzen duenean, herritarren bizi kalitatea hobetzen duela.

Juankar Izagirre: “Osasun eta zaintza sistema publiko sendoa da Aiton-Etxekoa bezalako gertaerak saihesteko bermea”

2021-01-02 16:24:00

Oiartzungo Aiton-Etxe eguneko zentroko zuzendaritzak COVID19-aren aurkako txertoa ez jartzeko agertutako asmoaren aurrean, harridura azaldu du Juankar Izagirre EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaileak. Eta EAJri eta PSEri eskatu die publifikazioaren aldeko urratsak egin ditzatela.

Gertuko liburu dendak, gertuko kultura

2020-12-28 11:00:00

Gertuko liburu denden alde egitea ez da soilik gertuko merkataritza babestea; horrez gain, bada kultur ekosistemaren gertuko eredua aldarrikatzea ere. - JOXE MARI CARRERE -

EH Bilduk 100 milioi proposatu ditu zaintza eta babes sozialerako eta 50 milioi gehien kaltetutako sektoreen berreskurapenerako

2020-12-16 11:48:00

Aurrekontuek pandemiak eragindako ezberdintasunei aurre egin behar diela nabarmendu du EH Bilduk. Aberastasuna modu egokiagoan banatzeko, krisi garaian gerakina erabiltzea eta zorpetzea ezinbestekotzat jotzeaz gain, Covid tasa bat proposatu du.