AKTUALITATEA


| 2026-11-25 15:07:00

Zaintza,  garapen ekonomikoa,  euskara, trantsizio ekosoziala, politika feministak eta etxebizitza dira ezker subiranistak aurkeztutako dokumentuaren lehentasunezko ardatzak.

Gipuzkoako 2027. urtetako aurrekontu proiektua hobetzeko proposamen zehatza eta diruztatua aurkeztu dio Foru Aldundiari EH Bilduk, asteazken honetan, hilak 25ean egindako bileran. Guztira 52 milioi euro aurreikusten dituen proposamenaren helburua argia da: politika publikoetan jauzi kualitatiboa ematea eta lurraldearen erronka nagusien aurrean neurri eraginkorrak hartzea.


Besteak beste, zaintzari lotutako proposamenak jasotzen dira, 28 milioi eurorekin diruztatutakoak. Eta eskatzen da, esaterako, Konpromiso politikoa zaintza zerbitzuetatik irabazi asmoa ezabatzeko. Izan ere, ezker subiranistarentzat ezinbestekoa da zaintzaren eremutik irabazi asmoa kentzea. Horretarako, proposatzen dugu azpikontratatzen diren zerbitzuetan klausula sozialak txertatzea, irabazi asmorik gabeko elkarteak lehenesteko.
.
Bestalde, adinekoen egoitzetako langileen baldintzak hobetzeko sindikatuen eta patronalaren arteko akordioa berri ona da. Lanaldiaren partzialtasunaren aurkako eta soldata hobeen aldeko neurriak jaso dituztelako, besteak beste. Egia da, aldi berean, akordioaren indarraldiak 2025-2028 urteei eragingo diela, eta horietako bi urte dageoeneko joan direla.


Duela zenbait hilabete EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusien Osoko bilkuran eskatutakoaren aurka egin zuen gutxiengoan dagoen foru gobernuak, baina pozten gara behingoz dagokion lidergoaz kontzientzia hartu badu. Akordioak erakusten baitu aldundiak eragiteko tartea bazuela, eta orain arte egin ez badu, borondate politikoa falta izan zaiola. Zainketen eremuan egin daiteke gehiago eta hobeto, eta norabide horretan eragiteko proposamenak egin ditu EH Bilduk aurrekontuen negoziazio prozesuan, ikusiko da aldundiak borondaterik ba ote duen.


Etxebizitza da gaur egun herritarren artean kezka nagusia. Horregatik, arlo horri lotutako proposamena ere landu du EH Bilduk. Hala nola, proposatzen du Alokairuaren erabilera bidezkoagoa egiteko neurriak hartzea. Horretarako, erabilera turistikorako alokairuetatik eratorritako etekinei eta bizitegi merkatu tentsionatuko eremuetan erreferentziazko prezioen mugak gainditzen dituzten alokairuei %20ko errekargua ezartzea planteatzen dugu. Neurri horren helburua da etxebizitza bizitegi beharrei erantzutera bideratzea eta alokairu bidezkoagoa sustatzea.

Bestetik, etxebizitzen metaketari aurre egitea proposatzen duguna da hain justu, etxebizitzen eskualdaketen gaineko zerga tasak eskuratzaileak aurretik duen etxebizitza kopuruaren arabera mailakatzea, hiru etxebizitza baino gehiago dituzten pertsona eta erakundeei tasa handiagoak aplikatuz. Era berean, planteatzen dugu tasa espezifiko handiagoak ezartzea finantza erakundeentzat, inbertsio funtsentzat eta higiezinen sustapena, inbertsioa edo kudeaketa jarduera nagusitzat duten sozietateentzat.


Baita jabe handiek erabili ohi duten araubide berezia kentzea proposatzen dugu. EH Bilduren ustez, egungo etxebizitza krisiaren testuinguruan, ez da egokia higiezinak sozietateetan metatzen dituztenei zerga tratamendu onuragarriagoa eskaintzea. Hala ere, alokairu soziala sustatzen duten programak babestu behar direla azpimarratzen dugu. Horregatik, Bizigune, ASAP eta antzeko foru eta udal programen barruko etxebizitza errentamenduak berariaz jasotzea ere proposatzen dugu.