EH Bilduko hautagaiek azpimarratu dute ez dela erresignaziorako unea, esperantzarako baizik, eta igandean euskal herritarren eskubideak eta aurrerapausoak bermatzeko ezker subiranistak irabazi behar duela.
Gorka Elejabarrieta eta Olaia Duarte EH Bilduko hautagaiek igandean ezker subiranistaren aldeko botoa biltzeko deia egin dute. Hautagaiek nabarmendu dute hauteskunde hauetan asko dagoela jokoan, eta faxismoari eta erreakzioari aurre egiteko, euskal herritarren eskubideak defendatzeko eta gehiengo aurrerakoi eta ausart bat osatzeko, EH Bildu dela tresna eraginkorrena.
Gorka Elejabarrietak argi utzi du garai ilunei determinazioz egin behar zaiela aurre, inoiz ez erresignaziotik: “Ez baita etsipenerako edo besoak jaisteko unea. Hau esperantzarako momentua da. Orain inoiz baino gehiago”. Ildo horretan, ezker subiranistak euskal herritar guztiekin hartutako konpromisoa berretsi du, “partida hau 90. minutura arte jokatzeko”.
“Guk ez ditugu euskal herritarrak abandonatuko. Atsedenik gabe borrokatuko dugu faxistak gelditzeko eta gehiengo aurrerakoi eta ausart bat posible egiteko”, adierazi du. Elejabarrietaren hitzetan, “EH Bildurik gabe zenbakiek ez dutelako ematen, baina EH Bildurekin bermatuta dagoelako Euskal Herriaren eta bertako jendearen defentsa”.
Horregatik, hauteskunde egunari begira, hautagaiak botoa EH Bilduren inguruan biltzeko deia egin du: “Siglen gainetik, konfiantza. Hitzetatik haratago, ekintzak. Igande honetan denok irribarre zabal batekin ezker subiranismoa bozkatzera. Boto guztiak EH Bildun biltzera. Posible egin”.
Olaia Duartek, bestalde, atzo Bizkaiko Kongresurako hautagai Oskar Matutek telebistako eztabaidan esandakoari heldu dio, hauteskunde hauek ohikoak ez direla eta asko dagoela jokoan gogorarazteko. Hala, zalantzan jarri du eskuinak herritarren eguneroko kezkei erantzuteko duen borondatea: “Inork sinesten al du eskuinak etxebizitzaren arazoa konponduko duela? Edo garraio publikorako laguntzak luzatuko dituela? Edo bankari zergak jarriko dizkiotela?”.
Era berean, eskuinak pentsioak pribatizatuko ez dituela sinesteko arrazoirik ez dagoela ohartarazi du, eta euskal herritarren eskubideak bermatzeko duen gaitasuna ere zalantzan jarri du. “Arrisku bat dira gure autogobernuarentzat eta euskararentzat”, esan du.
Duartek, ordea, argi utzi nahi izan du euskal herritarrak ez direla eskuinaren mezuengatik engainatuko: “Euskal Herria ez dute engainatzen. Euskal herritarrok ez gaituzue engainatuko”. Horren aurrean, igandean ezker subiranistak irabazi behar duela aldarrikatu du, “eskubideen berme garelako eta jendeari egia esaten diogulako”.
“Zintzotasunak irabazi behar du. Politika onak irabazi behar du. Azken batean, jendeak irabazi behar du”, adierazi du. Horretarako, EH Bildu tresna eraginkorra dela defendatu du, “motoserraren aurrean, jendeak irabazi behar duelako; erreakzioaren aurrean, Euskal Herriak irabazi behar duelako”.