AKTUALITATEA


| 2026-11-27 09:51:00

EH Bilduk Azpeitian egin du kanpainako Gipuzkoako azken ekitaldi politikoa, Oihana Etxebarrieta eta Xabier Lertxundi hautagaiekin eta Nagore Alkorta alkatearekin batera.

EH Bilduk Azpeitian egin du gaur, azaroaren 26an, hauteskunde kanpainako Gipuzkoako azken ekitaldi politikoa. Bertan izan dira Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburu Oihana Etxebarrieta eta Kongresurako hautagai Xabier Lertxundi, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatearekin batera.

Oihana Etxebarrietak adierazi du EH Bildu «etxeko lanak eginda» iritsi dela hauteskunde kanpainaren amaierara, eta azken orduak erabakigarriak izango direla azpimarratu du. Gogora ekarri ditu kanpainak utzitako mobilizazioak eta ekimenak, hala nola etxebizitza eskubidearen aldeko greba arrakastatsua, Bilbon egindako manifestazio nazional jendetsua eta Euskal Herriko txoko guztietan ospatutako ehunka ekitaldiak.

Ildo horretan, datozen egunetako hitzordua nabarmendu du: «Igandean marka berri bat ezarriko dugu». Etxebarrietaren hitzetan, igandean «ezker subiranistaren sabaia hautsiko dugu mobilizazio orokor, herrikoi, antifaxista, abertzale, euskaltzale eta feminista baten bidez».

Horregatik, herritarrei dei egin die «Euskal Herria zeharkatzen duen itxaropen olatuaren parte izatera». «Posible egitera deitzen zaituztegu», adierazi du.

Bestalde, Xabier Lertxundik boto bakoitzaren garrantzia azpimarratu du, eta bereziki nabarmendu du badirela gehiengoak osatzeko eta haien norabidea baldintzatzeko gaitasuna duten botoak. «Boto guztiek balio dute, boto guztiek erabakitzen dute. Baina badira gehitzen duten botoak, gehiengoak osatu eta norabidetzen dituztenak. Horiek dira botorik eraginkorrenak: ilusionatzen dutenak eta gehiengoak baldintzatu ditzaketenak», azaldu du.

Lertxundiren esanetan, igande honetan euskal ezker subiranistaren aldeko botoa izango da boto eraginkor hori: «Siglak gainditzen dituen botoa, jendeari boterea ematen dion botoa. Herri baten botoa». Era berean, euskal pentsiodunen duintasuna Madrilera eramateko eta pentsio hobeak bermatzeko balio izan duen botoa dela gogorarazi du, eta gehiengo aurrerakoiak pentsio horiek are gehiago hobetzera bultzatzeko giltzarri izango dela gaineratu du.

Azkenik, boto hori «zintzotasunaren eta esperantzaren botoa» dela nabarmendu du.