AKTUALITATEA


| 2026-11-26 11:04:00

Kongresurako Gipuzkoako hautagai Aizpea Otaegik agerraldia egin du Pasaiako alkate Teo Alberro, Lezoko Mikel Arruti eta Gipuzkoako ahaldun nagusi gai Maddalen Iriarterekin. Gaur egungo kudeaketa ereduak erabakiak blokeatzen dituela salatu du.

Aizpea Otaegik Pasaiako Portuaren inguruan, hemen, Euskal Herrian erabaki behar dela berretsi du agerraldian, “gobernantza demokratikoa, udalerrien erabakimena eta autogobernua behar ditugulako”, azaldu du. “Eta lortu arte ez gara eskatzeaz nekatuko, EH Bilduk ez duelako onartuko Pasaia beste hamarkada batez geldialdian egotea, Madrilen zain.


Pasaiako portuaz hitz egitea Euskal Herriko ekonomiaz hitz egitea da eta, horregatik, premiazkoa da Portuaren kudeaketa bertako erakundeen eskuetara pasatzea, azken urteotan murgildurik dagoen egiturazko geldialdi egoeratik ateratzeko”, gehitu du.


Izan ere, gaur egungo kudeaketa-moduak erabakiak blokeatzen ditu, proiektuen garapena etengabe atzeratuz eta, Pasaiako badia osoaren garapena oztopatuz. Efizientzia eta eredu kontu bat da hau.


Nazionalista espainiarrek diote portuak interes orokorreko izaera galtzeak nazioarteko trafikoa edo mugako zerbitzuak galtzea ekarriko lukeela. Hori horrela ez denaren adibideak azaldu ditu Otaegik. “Ayamonte eta Torreviejako portuek, desklasifikatu ostean ere, nazioarteko trafikoarekin jarraitzen dute, eta Garruchakoa, Almerian, Andaluziako Juntak kudeatzen duena, ez da interes orokorrekoa, baina Pasaiako trafikoa bikoizten du eta 32 estaturekin ditu esportazio-inportazio harremanak. Beraz, argi dago eskumena gurea izateak ez duela nazioarteko operadoreen konfiantza kaltetuko; eta, hurbiltasunak kudeaketa hobetuko du”, azaldu du.


EH Bilduk badu proposamen oso bat badiarentzat: ‘Etorkizuneko Badia’ proiektuan jasotakoa. Bertan, esaterako, gobernantza demokratikoaren aldeko apustua egiten da eta jasotzen da, Pasaia, Errenteria, Lezo eta Donostiako udalek erabaki-guneetan egon behar dutela. Eta ez gonbidatu soil gisa.


Bestetik, jasotzen da, Pasaia autoen eta produktu siderurgikoen garraioan espezializatu behar dela, baita itsas-ikerketan eta itsas-industria jasangarrian apustu irmoa egin behar duela, ekonomia urdinaren esparruan duen potentziala garatuz.


EH Bilduk Portuak ingurumen bermeak izatea nahi du 2050erako karbono-neutroa izango dena, hirian integratua. Eta trenbidea lehenestea. Izan ere, Gaintxurizketako planta logistikoak ez du inoren babesik, ez udalena, ez langileena, ez operadoreena. EH Bilduren ustez trenbide-konektibitatea da indartu eta sustatu behar dena.