Gipuzkoako EH Bilduko batzarkideek urteak daramatzate Foru Aldundiari hark kudeatzen dituen egoitzetako edo plaza publikoren bat duten erresidentzietako arreta ratioen inguruko informazioa eskatzen, baina aldundiak uko egiten dio informazioa emateari.
Gipuzkoako adinekoen egoitzetan eskaintzen den arretaren inguruko kexak aspaldikoak dira: bertan bizi direnek, euren senideek eta langileek maiz salatu dute egoitzetan bizi den pertsona bakoitzari langileek eskaintzen dioten denbora ez dela nahikoa, hau da, ratioak murritzegiak direla eta denbora justua izaten dutela zaintzaileek egoiliar horiek garbitu, jaten eman eta lotaratzeko. Behar psikologiko, moral eta sozialak ez direla artatzen ere salatu izan dute. “Foru Aldundiaren ahotik, ordea, maiz entzun dugu nahiko denbora ematen duela, nahiz eta gero ratio horiek hobetzeko asmoa agertzen duten urtetik urtera”, adierazi du Estitxu Elduaien batzarkideak.
Datu kontrajarri horien aurrean, pandemia garaian, EH Bilduk aldundiari Gipuzkako Diputazioak plaza publikoren bat duen egoitza bakoitzeko zaintza ratioak emateko eskaera egin zion, lehenengoz. “Egoera erreala zein den ezagutu, eta argazki hori eskuan, zaintza hobetzeko proposamen zehatzak egiteko”. Geroztik, hainbatetan berretsi du informazio eskaera Batzar Nagusietako baliabideak erabilita. Erantzuna beti berdina izan da: ez dituztela datu horiek, baina ratioen inguruko dekretuak agintzen duenaren barruan daudela. Datu zehatzik ez.
EH Bilduren ustez, errealitatea nolakoa den jakiteko datuak aztertzea ezinbestekoa da. “Egoera nolakoa den jakitea beharrezkoa da, benetan hobetu nahi badugu”, gehitu du Elduaienek. “Diputazioak datu horiek ez dituela erantzun digu behin eta berriz, baina jakin badakiela legearen barruan daudela. Baina daturik ez badu, nola daki legearen barruan daudela? Nola egiten du kontrol publikoa?”.
Legealdi berri honetan, EH Bilduk hainbatetan jarri dio aldundiari mahai gainean gobernu onaren foru araua. Kasu honetan, arauak garbi esaten du politikariek euren jardunaren inguruko informazioa eta azalpenak eman behar dituztela; kontu ematearen printzipioa, eta gardentasunarena da hori. Horregatik, Diputazioak behar bezalako informazioa eman ez duelako hainbat babes eskaera egin ditu koalizio abertzaleak. Horren ondorioz, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, aurreneko aldiz, diputatu batek plenoan azalpenak eman beharko ditu, mahaiak hala eskatuta. Abenduaren 13ko ohiko osoko bilkuran eman beharko ditu Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak azalpenak, EH Bilduren eskaeraz.