AKTUALITATEA


| 2020-01-08 16:01:00

Xua Lasagabaster Uranga Picassenteko (Valentzia) espetxean jaio zen eta urtarrilaren 19an hiru urte beteko ditu. Espainiar legediaren arabera, ezingo du bere amarekin espetxean jarraitu. Bere gurasoek, Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangak, euren espetxe zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenez, baldintzapeko askatasuna lortzeko eskubidea dute. Horregatik, ebazpen honen bitartez, salbuespen legedia alboratu eta Xua gurasoekin etxera ekartzea eskatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek. “Justiziagatik, gurasoengandik ez lituzkete banatu beharko, baina baita elkarbizitzaren mesedetan ere”, esan du Aittor Arantzabal batzarkideak eta balorean jarri nahi izan du gaur gaiaren inguruan izandako adostasuna; aurrerapauso garrantzitsutzat jo du lau alderdik ebazpena batera aurkeztu izana.


“Argi dago euskal jendarteak konponbiderako pausuak eskatzen dituela eta horretan lanean jarraituko dugu”, esan du Arantzabalek eta deia luzatu du larunbat honetan Sarek deitutako Bilboko eta Baionako manifestazioetan parte hartzeko.

 

Urtarrilaren 30ean greba egiteko nahikoa arrazoi dagoela esan du EH Bilduk

Urtarrilaren 30eko Greba Orokorra babesteko ebazpena aurkeztu du EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Jon Zulueta batzarkideak adierazi du Gipuzkoan badaudela nahikoa baliabide ekonomiko, juridiko eta instituzional dauden ezberdintasun sozial guztiak konpontzeko, pobrezia eta prekarietatea “zero” lurralde bat izateko, baina “borondate politiko ezta” salatu du. Gaineratu du Gipuzkoako Aldundiak badituela prekarietateari eta aberastasunaren banaketa orekatuari aurre egiteko baliabideak: “Errekaudazioan edo diru bilketan errekorrak hausten gabiltzala lau haizetara zabaltzen duzuen honetan, gogorarazi beharra daukagu sortzen den aberastasunaren birbanaketa desorekatuak ez duela justizia soziala lortzeko oinarri sendorik jartzen. Jendartearen hausturan sakontzen du eta pobreziaren kronifikazioa luzatzen du”.

 

Hori dela-eta, erakunde ezberdinei luzatutako eskaeren artean, honakoak zuzendu dizkio Aldundiari: Gizon eta emakumeen arteko soldata-arrakala eta pentsio-arrakala amaitzeko neurri zehatzak aktibatu ditzatela; enplegu egonkorra sustatu eta kontratazioan ematen den iruzurra zigortzea; soldata gutxitu gabe lanaldia 35 ordura jaisteko neurriak abiatzea; bereziki emakumeei ezartzen zaizkien lanaldi partzial inposatuak ezabatzea; zerbitzu publikoak garatzea, ezarritako murrizketak atzera botatzearekin batera; kontratazioan sexuaren, jatorriaren, ideologiaren, sexuidentitatearen, aniztasun funtzionalaren edo ekonomia-jardueraren araberako diskriminaziorik egingo ez dela bermatzea; eta klausula sozialak ezartzea administrazioko kontratazio guztietan, besteak beste, erakunde publikoentzat lan egiten duten enpresetako langileentzat 1.200 euroko gutxieneko soldata ezarriz.

 

Ebazpen proposamenak ez du aurrera egin. Elkarrekin Gipuzkoa abstenitu egin da eta gainerako alderdiek aurka bozkatu dute.