AKTUALITATEA


| 2025-04-14 11:37:00

Gaur egun Gipuzkoako errepide bidezko garraio publikoaren sareari dagokionez, lurraldeen arteko oreka eta ekitatea ez da bermatzen. Besteak beste, Urola Garaia eta Goierri Donostiarekin lotzen dituzten garraio publikoko zerbitzu urriek ez baitiete zerbitzurik ematen hainbat eremuri.

Horri erantzuteko asmoz, EH Bilduk autobus zerbitzu berri bat proposatu du. Legazpin eskualde horietako ordezkariekin egin duen agerraldian aurkeztu du proposamen hori EH Bilduren batzarkide Oskar Bordesek. “Urola Garaia zein Goierriko bizimodua nabarmen hobetu dezake proposamenak. Izan ere bi eskualde horiek eta Donostia lotzen dituzten garraio publikoko zerbitzu urriek ez diete zerbitzurik ematen proposatzen ditugun eremuei”, azaldu du Bordesek.

Koalizio subiranistaren proposamenak bi linea hauek jasotzen ditu:

Urola Garaia eta Goierri Donostiarekin lotzeko 1. linea: Unibertsitate gunea eta Donostiako zentroa.

Hasiera Legazpitik, Zumarraga, Beasain, Ordizia eta Tolosa. Donostiara sartu, Unibertsitatetan, Benta berri eta Donostiako bus geralekua.

Urola Garaia eta Goierri Donostiarekin lotzeko 2. linea: Eskuzaitzeta polígono industrialarekin lotura, Eusko Treneko kostaldeko eta Topoko lineak lotzeko nodoa (Errekalde), Donostiako parke teknologikoa eta Donostiako ospitale gunea.

Legazpitik hasi, Zumarraga, Beasain, Ordizia. Bazkardotik Lasarte aldera jarraituz, Eskuzaitzeta parke teknologikoarekin lotura egiteko Bugatiko geltokia, Donostiara sartu Errekalde auzotik Errekaldeko ETko geralekuan, Galarretan, parke teknologikoan, eta ospitaletan (unibertsitatetako ikasle eta langileentzat).

Orduroko maiztasuna izatea izan beharko lukete eraginkorrak izan daitezen. Urola Garaia eta Goierritik Donostialdera egunero egiten diren joan-etorriei erantzungo lieke zerbitzuak, errutina finkoengatik, hala nola, lanarengatik edo ikasketengatik egiten direnei. Beste garraio-zerbitzu batzuen erabilera ere erraztuko du, hala nola, Eusko Tren, bai eta Donostiako ospitale-gunerako sarbidea ere.

Eskualde horien eta hiriburuaren arteko erdi-zuzeneko autobus linea proposamena da hau, benetako behar gero eta handiagoari erantzuteko: alternatiba jasangarri, ekonomiko eta praktiko bat, mugikortasun modu jasangarriago eta bidezkoago baterantz”, azaldu du Oskar Bordesek.

Legazpi proposatzen da Urola Garaia eta Goierri Eskuzaitzetako industrialdearekin, Euskotrenen linearekin, Galarretarekin, Miramongo Parke Teknologikoarekin eta Donostiako ospitale-gunearekin modu nodal edo zuzenean lotu beharko lituzkeen linea honetarako hasiera gisa.

Ospitale-eremuak asistentzia-gaitasuna areagotuko du kanpo kontsultetarako eraikin berri bat eta Protonterapia Unitaterako beste bat eraikiz. Beraz, eremu hori ere kontuan hartzekoa da, ez hori bakarrik, unibertsitatea ere badenez, ikasleei ere zerbitzua emango balieke.

Esan gabe doa proposamen honek trafikoa eta horren ondorioak murriztea ere bilatzen duela. Erakundeek, tarifetan deskontuak eginez, garraio publikoaren erabilera bultzatzeaz gain, ezinbestean, Lurraldebuseko kalitatezko zerbitzu gehiago eskaini behar dute, eta horrek pixkanaka auto pribatuaren erabilera murriztea ahalbidetuko du.

Zertarako balio dio Goierriko herritar bati Mugiren erabilerak onura ekonomikoak izatea, bere helmugara hurbilduko duen kalitatezko garraio publikoko zerbitzurik ez badu?

Aldundiak landu duen proposamenarekin osagarria dela azaldu du Bordesek , are gehiago, “osatu egin behar direla. Helmuga desberdinak dituzten bi zerbitzuekin, ziur Urola Garaiko eta Goierriko biztanleek irabaziko dutela”, gaineratu du.

Autobus zerbitzuak handitzeko proposamen honen helburua da, halaber, bisitatan etorriko diren pertsonei maiztasun egokiko autobus zerbitzuak eskaintzea, ibilgailu pribatua erabili beharrik izan ez dezaten.

Aldundiari eskaera bat ere egin diote agerraldian, Legazpiko EH Bilduren bozeramaile Edurne Gonzalezen ahotik, bere proposamena berriz azter dezala eta Legazpi izan dadila proposatzen duen autobus linearen hasiera eta amaiera. Zuzenketa horrek ez du inola ere zerbitzuaren eraginkortasuna murrizten, aitzitik, Legazpiko bizilagunak kaltetuak izatea saihesten du. Bestetik, autobusaren ordutegiak Renfekoekin bateragarriak izan daitezen ere eskatu du EH Bilduk.