AKTUALITATEA


| 2025-10-04 11:26:00

Egoera politikoaren inguruko analisia egiterakoan, hainbat elementu nabarmendu ditu Gipuzkoako arduradun politiko Nekane Zinkunegik.

Batetik, ultraeskuinaren igoera. Zinkunegik gogoratu duenez, Europak eskuinerantz biratu du, ultraeskuina geroz eta gobernu gehiagotan dago, eta, ondorioz, geroz eta gaitasun handiagoa du agenda publikoa eta eztabaida publikoa baldintzatzeko.

Euskal Herrian “oraindik ordezkaritza instituzional erresiduala duen arren, zoritxarrez, gure herria ez da uharte bat, eta ez dago ultraeskuinaren gorakadaren ondorioetatik salbu”, zehaztu du.

Ildo horretan aste honetan bertan EiTB taldeak argitaratu duen Focus inkestak agerian utzi duen datu kezkagarri bat aipatu du. Alegia, Espainiako Gorteetarako balizko hauteskundeen kasuan, duela bi urteko boto kopurua bikoiztu egingo lukeela VOXek, Hego Euskal Herri osoan gora eginda. Zehazki, Gipuzkoan, ia hiru puntuko igoera izango lukeela.

Inkestak une konkretu bateko argazki konkretua badira ere, horrek ez gaituela ultraeskuinaren gorakadaren arriskua gutxiestera eraman behar aipatu du Nakane Zinkunegik. Eta ildo horretan ohartarazpen bat ere egin du: “tamalez, gehiengoa eratzeko ikuspegi aritmetikoak eraginda, zenbaitek izan dezake tentaldia ultraeskuin txarraren eta ez hain txarraren arteko bereizketa egiteko. Baina ez gaitezen engainatu, ez dago muturreko eskuin hoberik edota eskuin mutur okerragorik”, zehaztu du.

EAJri eta PSEri mezu bat bidali die, alegia, “ezin zaie berdintsu izan alde batera zein bestera jotzea. Eider Mendoza diputatu nagusi izendatzeko bazkidetzat hartu zuten PP, eta popularren babesa ontzat jo zuten aurtengo foru aurrekontua aurrera ateratzeko ere. PP zuritzen jarraituz gero, horrek izan ditzakeen ondorioen erantzule egin beharko dute. Azaldu beharko dute espainiar estatu osoan Voxekin adostasunetara heltzen den Feijooren PPrekin adostasuna nola parteka dezaketen”, gogorarazi die Zinkunegik.

EH Bilduren ustez, politika publikoak herri ikuspegiz egiteko garaia da, eta hori ez dator bat edozein aliantza motari atea irekitzearekin. “Ezin zaie politika publikoak baldintzatzeko aukerarik eman gure herriaren nazio aitortza ukatzen dutenei, gure hizkuntzaren aurrerabidea oztopatu nahi dutenei”, zehaztu du EH Bilduren Gipuzkoako arduradun politikoak.

Gobernatzen dituen alkatetzetan erakusten ari da EH Bildu praktikan politika beste modu batera egin daitekeela, hitz hutsetatik harago, ekintzen bidez. “Herritarrak entzun, horien beharrei erantzun eta benetako partaidetza inplementatuz. Eta eredu horrek aterako du Gipuzkoa une honetan dagoen noraez eta paralisitik. EH Bilduk lideratuko du”, bukatu du Zikunegik.