AKTUALITATEA


| 2024-06-19 13:51:00

EH Bilduk Uliazpiko lan eskaintza publikoaren hizkuntza eskakizunen afera judizialaren inguruan ebazpen proposamena aurkeztu du, Batzar Nagusitan, Hizkuntza berdintasuneko batzordean. EAJak talde subiranistak proposatutakoaren alde egin du.

Laida Begiristain batzarkideak hartu du hitza EH Bilduren izenean, eta hasiera hasieratik salatu du euskal herritarrok azken urte luzeetan bizitzen ari garen oldarraldi judiziala. “Urtebete pasa da legealdia hasi zenetik, eta dagoeneko Batzar Nagusi hauetan gaia eztabaidara ekarri dugun hirugarren aldia da”. Gaurkoan, gaiaren zentralitatea Uliazpi fundazioaren azken sententziak izan du.

Batzarkideak adierazi bezala, 2021eko uztailean 31 zaintzailaren lan-deialdia argitaratu zen, horietatik hogeita hamabitan euskararen oinarrizko ezagutza eskatzen zen (B2 maila), fundazioaren egungo langileen ezagutza-tasa normalizaziora gerturatu eta erabiltzaileen eskubideak bermatzeko asmoz.

2023ko martxoaren 1ean, ordea, EAEko Auzitegi Nagusiak aipatutako lan-deialdiko euskararen eskakizuna atzera bota zuen, hizkuntz-eskakizun horiek gehiegizkoak direla iritzita. “Aste batzuetara jakin genuen Espainiako Auzitegi Gorenak Aldundiak jarritako errekurtsoa ez izapidetzea erabaki zuela. Beste sententzia euskarafobo bat”, salatu du Begiristainek.

Egoera kezkagarri hori ikusita, EH Bilduk gaur onartu den ebazpen proposamena egitea erabaki du. “Uste dugu sententzia honek hizkuntzaren biziberritze prozesua ez ezik, langile askoren eta erabiltzaileen eskubideak ere urratzen dituela”, gehitu du batzarkideak.

Denok dakigu zaintza behar bezala jasotzeko hizkuntza zeinen erabakigarria den. Izan ere, gu guztiok ados gaudela, erakunde publikoen helburua herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzea dela, eta hori horrela bada, sententzia honen ondorioz, zerbitzua jasoko duten herritarren eskubideak urratuko dira”, azaldu du EH Bilduko kideak.

Eta honengatik guztiagatik ebazpen-proposamenean hiru eskaera egin ditu talde subiranistak:

  1. Aldundiak agortu ditzala aukera guztiak eta amaieraraino iritsi dadila Uliazpiko lan-eskaintza publikoaren afera judizialean, funtzio publikoaren eta hizkuntza-berdintasunaren esparruan dituen eskumenen defentsan.

  2. Bere esku dagoen guztia egin dezala afera judizial honen eraginpean dauden 34 langileei euren lanpostua bermatzeko.

  3. Hizkuntza berdintasunaren alde eta oldarraldi judizialaren aurka antolatzen diren mobilizazioetan parte hartzen jarrai dezala erantzun bateratua emateko.

Bukatzeko, Laida Begiristainek Uliazpiko langileek erakutsi duten jarrera txalotu du. “Gure sostengua agertu nahi diegu eta egoera honen aurrean izaten ari diren jarrera txalotu, uste baitugulako garrantzitsua dela gero eta bortitzago datorren oldarraldi judizial honi erantzutea. Kohesio eta justizia sozialaren alde egin nahi dugun guztiok erantzun behar dugu. Muinean, bizikidetza eta parekidetasun auzia delako”.