Urteetan zehar, zerga sistema justu eta progresiboagoa izateko, eztabaida plazaratzeko ahalegina egin ostean, EH Bilduk zerga sistemaren inguruko ponentzia eratzeko eskaera aurkeztu du Batzar Nagusietan, eta talde guztiek onartu dute.
Legealdi honen hasieran, EH Bilduk talde guztiekin adostasun bat lortu zuen zerga sistemaren eztabaida ponentzia gisa aurkezteko, Batzar Nagusitan. Orain, ponentzia horretan proposamenak egiteko garaia da, zein elkarte edo norbanakoren ikuspegia entzun nahi den proposatzeko.
Zerrenda hori egiterakoan, EH Bilduk, ponentziara begira, seriotasuna, anbizioa eta sakontasuna eman nahi dizkio. Eta horretarako, Gipuzkoako, Euskal Herriko zein Europako errealitateak hona ekarri ahal izango dizkiguten eragile eta norbanakoak izango dira. Zerga sistema sakon eta progresiboagoa izateko, eta egungo erronkei aurre egiteko tresna eraginkorra izan dadin, ahalik eta espektro zabalenaren ikuspegia jasotzea du helburu EH Bilduk.
Gaur goizean Batzar Nagusietan egindako ponentziaren bileran Jon Altolagirre batzarkideak adierazi duen bezala, sindikatuen agerraldiak eskatuko dira, eta baita kooperatiben zein merkataritza txikiaren errealitatea ezagutzeko ordezkariak ere. Nazioartean lan egiten duten eta eragina duten iritzia ere garrantzitsua izango da, esaterako, Intermon Oxfam-ek argitaratu duen txostena.
Bestetik, kultur eragileek ere euren tokia izango dute, zein errealitate fiskal duten jakitea garrantzitsua baita.
Mugaz gaindik aritzen diren langileen egoera ere jakin beharrekoa da. “Gipuzkoako mugetatik kanpo, Nafarroak azken urteetan egin duen erreforma fiskala bertatik bertara ezagutzea ere garrantzitsua iruditzen zaigu. Horregatik, Ogasun kontseilariaren agerraldia ere eskatu dugu”, zehaztu du Altolagirrek.
Mugaz gaindi dauden eragile eta elkarteak ekartzea ere proposatu du EH Bilduk: alde batetik, estaturik gabeko nazioen errealitatea zein den ezagutzeko aukera izango dugu, Eskoziako errealitatea, hain justu ere. bestetik, berriz, Europa iparraldeko eta Eskandinaviako errealitatea gertutik ezagutzen duten politikariak, baita Europako parlamentuko ekonomia gaietarako presidente ordearena ere.
Bukatzeko, Europa mailan aitzindariak diren Thinktan agentzia ezberdinetako ordezkariak, bereziki zerga-justizia jorratzen dutenak, zerga-ihesa eta paradisu fiskalen aurkako borrokan aritzen direnak, eta oro har, justizian oinarrituriko sistema baten alde aritzen direnak.