AKTUALITATEA


| 2025-01-27 12:40:00

Aranzadi, Argituz, Egiari Zor, Mikel Zabalza Herri Ekimena, Berridatzi elkarteek urrian proposamen bateratua aurkeztu zuten, Donostiako La Cumbre Jauregia “talde parapolizialek eta Estatuko Segurtasun Indarrek Euskal Herrian egindako giza eskubideen urraketa larriei buruzko memoria leku” izan dadin. Proposamen horren inguruan azalpenak emateko, agerraldia egin dute Javier Bucesek, Pili Zabalak eta Asun Lasak, gaur, Batzar Nagusietako Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko batzordean, EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekin Gipuzkoa taldeek eskatuta.

 

2022ko ekainean, Espainiako gobernuak eta EH Bilduren kongresuko taldeak, Memoria legea aurrera ateratzeko negoziazioaren haritik, ezaugarri finalista duen akordio bat lortu zuten, non Donostiako La Cumbre jauregiaren lagapena Donostiako Udalari esleitzen zitzaion, eta hura memoria historikoa berreskuratzeko erabiliko dela jasotzen zen. Akordioan Memoriaren Legea onartu eta urtebetera gauzatuta behar zuela lagapenak jasotzen zen. Memoriaren Legea 2022ko urriaren 19an onartu zen.

 

Memoria demokratikoaren legeak jasotzen duenez, memoria gune horren funtzioa legearen berezko xedearekin bat datozen jardueretako erabili behar da La Cumbre jauregia, alegia, memoria demokratikoa berreskuratu, babestu eta zabaltzeko. Horrez gain, legearen berezko xedea da arrazoi politiko, ideologiko, pentsamendu edo iritziengatik, kontzientzia edo sinesmen erlijiosoetatik, orientazio eta identitate sexualagatik jazarpena edo indarkeria jasan zutenei ere aitortza egitea. Hori horrela, EH Bilduk uste du nahikoa arrazoi badagoela La Cumbre jauregia estatu indarkeria eta honen eraginez jasandako giza eskubideen urraketak jasan duten biktimak aitortu, onartu eta haien mina erreparatzeko gune bilakatzeko. Estatuak eta estatutik eragindako bortizkeriak sortutako biktimei dagokionez, hutsune handia oso arin eta lauso estaltzen joan bada ere, oso handia eta sakona da oraindik egin beharreko lana eta esfortzua.

 

EH Bilduren batzarkide Luix Barinagarrementeriak adierazi duenez, aipatutako hutsune horren hariari jarraituz, herri honetako biktima guztiek merezi dute erreparazioa, justizia eta egia. Eta xede horretan, gaur egun arte behinik behin, egon diren giza-eskubideen urraketen biktima ugariak era desorekatuan erreparatuak izan dira, haietako asko, estatuaren indarkeriak sortutakoak, aitortzarik gabe, egiarako eskubidea eta erreparaziorako aukerarik izan gabe daudelarik. “Horiek ere, inolako zalantzarik gabe, dagokien erakusleihoa, oholtza bisuala, behar dute. Gure hautua guzti-guztientzat halaxe izatea da”, gehitu du batzarkideak.