AKTUALITATEA


| 2019-12-04 16:20:00

Gipuzkoako kostaldeko hainbat herritako (Mutriku, Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orio) alkate eta zinegotziak Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran izan dira gaur Aldundiari hondartzetako sorospen zerbitzua bere gain har dezala eskatzeko, eta hala ez den bitartean, gutxienez kostuaren %100a bere gain hartzeko. Baina EH Bilduk aurkeztutako ebazpenaren kontra bozkatu dute EAJ eta PSEk.


Herrietako ordezkarien izenean Haritz Alberdi Getariako alkateak gogorarazi du gaur EH Bilduk Batzar Nagusietan egindako eskaera berbera Orio, Mutriku eta Hondarribiako udalbatzarrek ahobatez onartu zutela eta Getaria, Zumaia eta Deban, gehiengoz. “Guztiz arduragabea da gaur EAJk eta PSEk hartu duten erabakia. Ezin da Gipuzkoa ondo gobernatu udalerriei bizkarra emanez, edo okerragoa dena, gure bilera eskaerei ere erantzunik ere eman gabe”, esan du.

 

Gipuzkoako zerbitzu publikoetan lan egiten dutenen lan-baldintzak duinak izatea guztion ardura da. Hondartzen kudeaketak sekulako gastua suposatzen die gure Udalei, zerbitzuaren kostua oso handia da biztanleko. Getariako kasuan, adibidez, aurrekontuaren %3,6az ari gara hitz egiten, eta horregatik eskatu dugu sorospen zerbitzuaren kudeaketak Aldundiaren esku egon behar duela, Bizkaian aspaldidanik egiten den moduan”, esan du Alberdik eta gaineratu du EAJ-PSEk gaur hartutako erabakia erabat arduragabea dela. “Arazoak bere horretan jarraitzen du eta erantzun bat garaiz ematen ez badiogu, gero eta handiagoa izango da. Eta ondorioak ez dituzte gure herritarrek bakarrik pairatuko, bertakoen eta mundu osotik datozen bisitarien segurtasunaz ari gara”.

 

Iker Intza batzarkideak berretsi du guztiz arduragabea da gaur EAJk eta PSEk hartutako erabakia: “Gipuzkoako Aldundian dauden bi alderdiak Gipuzkoako herriei bizkarra eman die gaur, udal ezberdinetan onartutako eskaerei atea itxiz”. Intzak adierazi du hemendik sei hilabetera iazko arazo berdin-berdinarekin egingo dugula topo: “kubritu gabeko txandak eta hondartza eremuak, gazteen kontratu prekarioak... Eta, azken finean, herritarren segurtasuna izango da berriro ere jokoan egongo dena. Gaur Diputazioko gobernukideek bizkarra eman die herrietan erabakitakoari eta bizkarra eman die hirugarren sektoreari eta batez ere urtetan zerbitzu hau kudeatu duen irabazi asmorik gabeko elkarteari”.