Datorren urte hasieran, hiru hilabete barru, indarrean beharko luke erreforma fiskalak. Gipuzkoan, ponentzia egin ondoren, uztailean akordioa erdietsi zuten hiru alderdi nagusiek. EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaile Maddalen Iriartek prentsaurrekoan azaldu duenez, ordea, bertatik eratorri beharko litzatekeen foru arauaren inguruan ez dago berririk. Erreforma sakona eta herri ikuspegiz egin behar dela aldarrikatu du EH Bilduko eledunak.
2025. urte hasieran foru araua indarrean egon dadin, abenduan onartu beharko da. Beraz, behar duen tramitazioa egiteko foru gobernuak erregistratuta beharko luke zirriborroa jadanik. “Gainera, horrelako gai batek, erantzukizunez jokatu nahi bada eta herritarrek emandako mandatu politikoari erantzun nahi bazaio, aurretiazko lanketa sakon bat beharko du eta horrek denbora eskatzen du. EH Bilduk, behintzat, hala jarduten du. Hona heltzeko alderdien artean egin dugun lanketaren gisakoa beharko du lanketa foru gobernuarekin bere inplementaziorako”, azaldu du Iriartek.
Halaber, kontuan izan behar da egutegia, izan ere, garai hau aurrekontuak lantzeko sasoia da eta “gure ustez ezinbestekoa da aurrekontuen lanketan hasterako erreforma fiskalari dagokiona bideratuta egotea”, gehitu du EH Bilduko bozeramaileak.
“Ez dugu ulertzen, hortaz, zergatik ez den urratsik egin oraindik foru araua sortzeko edo zerbait egin bada zergatik ez dugun horren berririk”, borobildu du.
EH Bildu ponentziako ondorioen akordioko horren parte izan da ikusi zuelako txostenak jasotzen zuela herri honek dituen erronkei erantzuteko aukera. Iriartek gogoratu du EH Bildu politika publikoak hobetzeko akordioetan dagoenean, eta benetan alde guztietatik lanerako borondatea dagoenean, herritarren ongizatea hobetzen dela.
Erreforma fiskalaren foru arauak uztailean egindako akordio horren letra eta izpiritua jaso beharko lituzke EH Bilduren irudiz. Gipuzkoatik harago, herri ikuspegiarekin landu behar dela uste du, batean edo bestean hartzen diren erabakiek eragina baitute hiru herrialde hauetan. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian nagusi diren hiru alderdien artean egin zen akordioa, EH Bildu, EAJ, PSE, adostasunetarako abiapuntu egokia, beraz.
Herri bezala erronka handiak ditugu aurrean etorkizun laburrari begira. “Besteak beste, zaintza sistema, trantsizio ekosoziala eta etxebizitzaren gaiei erantzun behar diegu. Beste batzuekin batera estrategikoak dira horiek, hala ikusten dugu guk eta herritarrek ere hori adierazten digute. Herri erronka handi horiei tamainan erantzungo dieten bitartekoak behar dira, baita baliabide ekonomikoak ere. Horregatik, hau, ez da aldaketa txiki edo ñabarduretarako unea. Erronkari erantzungo dion erroko aldaketa behar du fiskalitateak”, gehitu du Iriartek.
Guri dagokigu herritarrek dituzten behar eta arazoei erantzunak ematea. Eta horiek elkarlanean eraiki behar ditugu desberdinen arteko adostasunen bidez eta herri ikuspegiarekin, ezinbestean.