Proiektuaren inguruko zalantza nagusiak teknikoak dira, eta hortaz, EH Bilduren ordezkariek informazio zehatza jasotzeko beharra ikusi dute, Goiekin aditu talde bat sortuta, besteak beste.
Asteon Goierriko EH Bilduren alkate eta ordezkariek lan-bilera egin dute Gipuzkoako arduradun politikoarekin.
Gipuzkoan zein Euskal Herrian Goierrik duen paperaz aritu dira, begirada Euskal Herri mailan ere jarrita, eta une honetan, ezinbestean, nazioartean ere. Uneko egoeraren azterketa egin eta esku artean dituzten gai eta proiektuen inguruan aritu dira. Eskualdearen etorkizunari ere erreparatu diote, eta parez-pare dituzten erronka handiak izan dituzte hizketagai; tartean, proiektu berritzaileak eta ilusioa sortzen dituztenak.
Badira, hala ere, kezka eragiten duten bestelako proiektuak. Horien artean, batek hartu du tarte nabarmena: Olaberrian eraiki asmo duten biogas plantak, hain zuzen ere. Proiektuan inplikatuta dauden enpresen bidetik, Goierriko EH Bilduko kideek ere Goieki Goierrko Garapen Agentzian izan dute horren berri.
Zuhurtziaz jaso dute informazioa. Eta lehen datuak jasota, galdera batzuk jarri dituzte mahai gainean, ahalik eta informazio zehatzena lortzeko xedez. Galderak egin ondoren, argitu baino, kezka handitu zaiela ikusita, arduraz, jarraipen estua egitea erabaki, eta bidea urratzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute.
Galdera horien artean zalantza teknikoak dira lehen lerrokoak, argitzea eskatzen dutenak. Horretarako proposamen zehatza egin diote Goiekiri: aditu talde bat sortzea. Eta ildo horretan, 2026ko aurrekontu proiektuan horretarako diru-partida izenduna sortzea eskatuko dute.
EH Bilduren iritziz, garrantzitsua da Goierrin bezala gainontzeko eskualdeetan ere eskualdearen garapenean lagunduko duten proiektuak sortzea. Horien kudeaketan ezinbestekoa deritzo erantzukizunez, arduraz eta zuhurtziaz aritzea, herritarrei modu egokian erantzuteko.