Oiartzun, Usurbil, Ordizia, Pasaia eta Aretxabaletako alkateek prentsaurrekoa eskaini dute Legebiltzarrean, Eusko Jaurlaritzak udal haur eskolak finantzatzeko diru-laguntza eteteko eta haur eskolak partzuergoan sartzeko agertu duen asmoa adierazi ostean. Agerraldiaren aurretik, Ikoitz Arrese legebiltzarkideak gaiaren inguruko galdera egin dio sailburuari, goizeko bilkuran.
Oiartzun, Usurbil, Ordizia, Aretxabaleta eta Pasaiako alkateek agerraldia egin dute, udal haur eskolen etorkizunagatik kezkatuta daudelako. Joana Mendiburu Oiartzungo alkatearen arabera, “gure herrietako haurren lehen urteetako hezkuntzaz ari garelako, herri proiektuez ari garelako, langileen egoerak kezkatzen gaituelako, familiekin eta gure hezkuntza komunitatearekin landu beharreko gaia delako”.
Alkatearen hitzetan, “aldebakarrez eta erakundeen arteko begirunerik gabe hartutako erabakia izan da Jaurlaritzarena. Gure iritziz erakundeen arteko elkarlana ez da bilera batera deitu eta diru-laguntzak moztuko ditugu esatea”.
Euskal Herria Bildurentzat, erakundeen arteko elkarlanak honakoa ekarri behar luke: hezkuntza proiektuez luze eta zabal hitz egitea; haurrak, familiak, langileak eta hezkuntza komunitateko kide guztiak entzutea; gure udal haur eskoletan euskarari eta euskalkiei ematen zaien garrantziaz jabetzea, besteak beste.
Aipatutako elkarlan hori zen, hain zuzen ere, legebiltzarrean EAJ, PSE eta EH Bilduk iazko irailean hitzartu zuten akordioan jasotzen zena. Udal haur eskolen inguruan erakundeen arteko gogoeta zintzo bat egitea. Ondorioz, Gipuzkoako alkateak ezustean harrapatu ditu oraingo Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hartu duen erabakiak, Eusko Legebiltzarrak emandako mandatuaren kontrako norabidean doala uste baitute.
“Jaurlaritzak EAEko argazki panoramikoekin egiten du lan eta udalok, berriz, hurbileko argazkiekin. Jaurlaritzak zenbakien arabera hartzen ditu erabakiak eta udalok izen-abizenak dituzten herritarrekin egiten dugu lan. Eta hurbiltasun horri esker, badakigu herritarrek nola baloratzen duten eskaintzen dugun zerbitzu bakoitza eta, udal haur eskolen kasuan, balorazioa oso ona da”, adierazi du kezkaturik Oiartzungo alkateak.
Haur eskolak zerbitzu publikoak izatetik haratago, komunitatearen zerbitzuak dira jada. Mendiburuk dio udal haur eskolak desegitea gure komunitateei eurena den zerbait erauztea litzatekeela. Eta hori edozein kasutan galera bat bada, zer esanik ez hezkuntzaz ari garenean, hezkuntza ez baita ikastetxeetako lau pareten artean gertatzen den zerbait. Hezkuntzak komunitatea behar du.
“Badakigu herrietan proiektu berriak sortzea zenbat kostatzen den eta ez gaude prest besterik gabe udal haur eskolen ateak ixteko. Jaurlaritzari eskatzen diogu ondorioz, diru-laguntzak eteteko hartutako erabakian atzera egiteko eta eskua luzatzen diogu hitzartutako gogoeta horri behar den bezala heltzeko”, esan du bukatzeko.