AKTUALITATEA


| 2021-06-30 11:33:00

Garraio sektoreak bizi duen egoera kaskarraren jakitun izan arren, gehiegitan administrazioek beste alde batera begiratzen dutela ikusita, EH Bilduk garraio sektorea babesteko eta laguntzeko proposamena egin du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, hurrengo Osoko Bilkuran eztabaida dadin. Estitxu Elduaien eta Oskar Bordes batzarkideek gaur egindako agerraldian adierazi dute “ez dela nahikoa bidesariak karga kontratatzen dutenek ordaindu behar dituztela esatea. Beharrezkoak diren neurriak hartu behar dira, batetik, karga hori kontratatzen dutenek Gipuzkoako garraio-sektorearen aldeko apustua egin dezaten, eta bestetik, gertutasun-ekonomia bultzatzeaz gain, kalitatezko lanaren aldeko apustua egiten ari direla ere jakin dezaten. Izan ere, baldintza duinetan eginez gero, Gipuzkoaren aberastasunaren sorreran eragin zuzena edukiko luke”.

Etengabeko lehia eta baldintza erdi esklabistak egunerokotasunaren parte diren horretan, garraiolariek babesa behar dute erregularizaziorik gabeko egoeretan eta euren egoera hobetzeko proposamen sorta egin du EH Bilduk.

Proposamak hainbat neurri zehatz jasotzen ditu, besteak beste: Bidegik kudeatzen dituen Gipuzkoako errepideetan %13ko deskontua ezartzea I eta II kategoriako ibilgailu astunentzat, baldin eta hilean hamabost bidaia edo gehiago egiten badira noranzko bakarrean; Aldundiak defenda eta bultza dezala egindako garraioagatik bezeroari kobratzeko fakturan I. eta II. kategorietako ibilgailu astunek ordaintzen duten bidesariaren zenbatekoa sartzea eta, publikoki zein pribatuan, Gipuzkoako eragile ekonomiko zein enpresa eragileen aurrean egin dezala horren defentsa.

Bestalde, flotaren berrikuntza bultzatzeko eskatu du EH Bilduk, baita aurrekontu partidak sortzeko ere, egoitza fiskala Gipuzkoan duten garraio-enpresei laguntzeko, eta, hala, gurpil-aldaketarako hobariak sortuz, hain beharrezkoa den trafiko segurtasunean inbertitzeko, baita CO2 emisioak eta kutsadura akustikoa gutxitzeko ere.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzarekin batera, garraio sektoreak euskal gizartean duen garrantzia publikoki onar dezala eta sektore estrategiko horren aldeko neurriak har ditzala eskatu du EH Bilduk, besteak beste: Garraio astunari Gipuzkoan eta Autonomia Erkidegoan egiten zaizkion ikuskapenak areagotzea, horretarako baskula mugikorrak erabiliz; eta, lan ikuskaritzatik lan baldintza erdi-esklabista, zein kooperatiba faltsuen kontra egiten diren ikuskaritza ekintzak areagotuz.