AKTUALITATEA


| 2026-10-14 09:37:00

EH Bilduk ohiko osoko bilkuran itxaron zerrendak murrizteko proposamen egingarria aurkeztu du, gizarte langileek egindako eskaerari erantzuteko asmoz. Aitzitik, Batzar Nagusiek ez diote bide eman. Talde subiranistaren iritziz egoera nabarmen hobetzeko aukera galdu da eta adierazgarria da langileen eskaerak aintzat ez hartu izana.

2023-2027 legealdirako Gipuzkoako Foru Aldundiak gizarte-politikei “bultzada berria” emateko eta “ongizate integrala” lortzeko emandako hitza ez da errealitate bihurtu. Legealdiko azken urte honetan sartuta, zerbitzu espezializatu asko erabat gainezka daude, gizarte-langileak ezinean dabiltza eta herritar ugarik ez dute behar duten laguntzarik jasotzen. "Pertsonak erdigunean jartzea esaten da, baina instituzioen hutsuneak gero eta nabarmenagoak dira", salatu du EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaile Maddalen Iriartek.


Gipuzkoako Foru Aldundiak berak argitaratutako azken datuen arabera, eta Gizarte Langileen Elkargo Profesionalak Batzar Nagusietan berriki egindako agerraldia aintzat hartuz, lurraldeko babes-sarearen egoera "gordina eta kezkagarria" da. Besteak beste, eguneko zentroetan sartzeko 412 pertsona daude zain eta urtebeteko itxaron-zerrendak daude, bazterkeriari aurre egiteko baliabideak eskasak dira eta mendekotasun balorazioetan osasun mentaleko kasuetan ezartzen diren irizpideak murriztuegiak dira. Gainera, balorazio epeak hobetu diren arren, batez bestekoa 52 egunekoa da oraindik.


Egoera bereziki larria da zaurgarrienak diren kolektiboetan. Indarkeria matxistaren biktima diren 197 emakume daude zain eta beraiek eta haien seme-alabek urte erdi baino gehiago itxaron behar dute Aldundiaren psikologia-zerbitzua jasotzeko. Aldundiak psikologorik ez dagoela argudiatzen duen bitartean, EH Bilduk gogorarazi du profesionalak badaudela Elkargoan, eta lankidetza ezinbestekoa dela. Gauza bera gertatzen da babesgabetasun larrian dauden haurrekin, denbora luzez itxaroten duten bitartean, haien egoera nabarmen okertzen baita.

Gabezia horien aurrean, udalek ezin dituzte kasu horiek babesgabe utzi eta euren gain hartzen dute arreta. Hori dela eta, EH Bilduk proposatu du itxaron-zerrendak murriztu bitartean aldundiak funts berezi bat sortzea egoera horri aurre egiten ari diren udalak ekonomikoki laguntzeko. Aitzitik, sistema publikoa indartzeko eta babesgabetasun egoera berriak ekiditeko proposamenari ezezkoa eman diote gobernukide diren taldeek.


EH Bilduren ustez premiaz hartu beharreko neurriak dira proposatutakoak, egingarriak dira eta herritarren beharrak asko hobetuko lituzkete.