AKTUALITATEA


| 2026-10-14 15:11:00

Pertsona ugari autobusera sartu ezinik geratzen dela salatzen du EH Bilduk, autobusetan leku hutsak dauden bitartean, eta Aldundiari galdetu dio zenbat diru publiko ordaintzen ari den "airea garraiatzeagatik". Ezker subiranistak ebazpen-proposamen bat aurkeztuko du Batzar Nagusietan, MUGI txartelarekin ordutegi ezberdinetako txartelak aldi berean erreserbatzeko aukera mugatzeko.

 

EH Bilduk funtsezkotzat eta urgentziazkotzat jo du Loiuko aireportutik Donostiara doan Lurraldebus zerbitzuan egunero gertatzen den egoera honekin amaitzea. Ezker subiranistak salatzen du, bidaiari asko autobusera sartu ezinik geratzen direla eserlekuak erreserbatuta baina bete gabe daudelako. Arazo honi aurre egiteko, ebazpen-proposamen zehatza erregistratu du taldeak Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Azpimarratu dute, gaueko 12etan txartelak berritzeko egindako aldaketak ez diola arazoaren muinari heltzen. Arazo hori eragozteko sistema informatikoa aldatzen ez den bitartean eta tiketak benetako okupazio fisikora lotzen ez diren bitartean, arazoak bere horretan jarraituko duelako. Koalizioaren ustez, MUGI sistemaren abantailak erabilera errealera bideratu behar dira, eta ordutegia aldatu behar dutenentzat sistema erraztu.

Egoera honen aurrean, EH Bilduk bi eskaera zuzen egin dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari, enpresa emakidadunarekin elkarlanean ahalik eta azkarren ezar ditzan. MUGI txartelaren bidez Loiuko linean ordutegi ezberdinetako autobus zerbitzu bat baino gehiago erosteko aukeraren mugatzea, egun osoan zehar gertatzen den plaza-blokeoa ekiditeko.

Eta bigarrenik, ordutegi jakin batean autobusa erabat betetzen ez denean, hurrengo zerbitzuetako tiketa duten bidaiariek autobus horretara sartu ahal izatea.

Azkenik, EH Bilduk gogor kritikatu du Aldundiak gai honen aurrean erakutsitako opakutasuna. Sistema honekin bi urte daramazki Aldundiak enpresa emakidadunari "airea garraiatzeagatik" ordaintzen herritarrak geltokian zain uzten diren bitartean. "Zenbat mila euro konpentsatu ditu Aldundiak 'eserleku edo bidaiari fantasma' kontzeptu horrengatik?", eta datu horiek argitzeko eskatu du, Foru Aldundiak orain arte erantzun nahi izan ez duela salatuz.