AKTUALITATEA


| 2024-10-29 07:14:00

Ziurgabetasuna nagusi den garai honetan, erronka handiei erantzun behar diegu, eta herri ikuspegia ezinbestekoa da horretarako. Gipuzkoak ere jauzi kualitatiboa egin dezan, etxebizitzaren, zaintzaren eta ingurumen trantsizioaren erronkei erantzuteko balio behar du Foru Aldundiaren 2025eko aurrekontuak. Norabide horretan proposamenak egin eta negoziatzeko konpromisoa du EH Bilduk.

 

Aurrekontuak urteko ariketa politiko garrantzitsuenetako bat dira, herri bezala ditugun beharrei erantzuteko baliabide ekonomikoak zehaztuko baitira. Eta gai honen inguruan, talde subiranistak uste du Gipuzkoako aurrekontuetan ere etxebizitzaren, zaintzaren eta trantsizio ekosozialaren erronkek islatu behar direla, besteak beste. Norabide bateratuan aurrera egiteko bitartekoak ezarri behar direlako egin du EH Bilduk Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeek era koherentean lan egiteko proposamena, herri ikuspegiz aurrera egiteko.

 

Eusko Jaurlaritza gobernatzen duten bi alderdiek ez dute gehiengorik Gipuzkoan, eta 2025eko aurrekontua onartzeko, aldundiak gehiengoa bermatuko dion elkarrizketa negoziatzailea abiatu behar du, ezinbestean. EH Bildu prest dago negoziatzeko eta aurreikusi du datorren urteko Gipuzkoako aurrekontuak zein erronkari erantzun beharko liokeen.

 

Batetik, gazteen emantzipazioa sustatzeko eta alokairu prezio eskuragarriagoak bermatzeko, beharrezko zerga neurriak ezartzea. Besteak beste, mandatu hori jaso zuen aldundiak zerga erreformarako ponentziatik irtendako ondorioen txostenean. Bestetik, bilakaera demografikoak argi erakusten du zaintza beharrak biderkatu egin direla eta areagotu egingo direla aurrerantzean ere. Zaintza sistema publiko komunitarioranzko bidea egiten hasteko lehen pausoak eman behar dira. Trantsizio handien garaia da egungoa. Eta energia trantsizioa modu demokratikoan egingo dela bermatu behar da; baita eta mugikortasuna jasangarria, publikoa eta eskuragarria izatea ere.

 

Ostirala baino lehen aurkeztu behar du Gipuzkoako Foru Aldundiak 2025eko aurrekontu proiektua, eta proiektu horri ekarpenak egiteko jarrera eraikitzailea izango du EH Bilduk. Erakunde publikoak herri ikuspegiaz lerrokatzeko lan metodo eta filosofia mantenduko dugu datozen asteetan. Argi dugulako agenda eta aipatutako lehentasunak eta beste hainbat islatu behar direla aurrekontuen inguruko elkarrizketan.