Holandako Toxico Watch Fundazioko ordezkarien agerraldia izan da gaur, Batzar Nagusitako jasangarritasun batzordean, eta bertan Zubietako erraustegiaren inguruko txostena aurkeztu dute.
Zubietako errauskailuak martxan jarri zenetik (2020), arazo ugari izan ditu: gelditzeko automatismoarekin arazoak, lixibiatuen filtrazioak, amoniakoaren isuriaren ondorioz, Arkaitz erreka kutsatzea; lehen transformadoreak emandako arazoak eta dioxina isuriak.
Ondorioz, gipuzkoarrek arduraz bizi dute erraustegiaren nondik norakoak. Egoera horren aurrean, EH Bilduren ardura da, Batzar Nagusietako lehen indarra izanda, errauskailuaren jarraipen zorrotza egitea eta bera jarduna gardentasunez garatzen ari dela ziurtatzea. “EH Bildun argi dugu gure egitekoa dela herritarren osasunerako kaltegarria izan daitekeen edozein aldagai, arazorik balego, bere onera ekartzea”, Jon Altolagirren batzarkideak.
Errauskailuak izan dituen arazoak kontuan hartuta, haren inguruko azterketen eta datuen jarraipen zorrotza egiten segituko du EH Bilduk.
EH Bilduk uste du zientzian oinarritutako ikerlari talde batek egindako lanari errespetua eta begirunea zor zaiola; kasu honetan, Toxico Watch-i. Erakunde honek Europako hainbat erakunderekin lan egin du, errauskailuen inpaktua neurtzeko. “Interesgarria iruditzen zaigu gobernuek edo administrazioek azpiegiturak martxan jartzen dituztenean ikerlari independenteen lana eta aholkularitza kontuan hartzea, horiek sor ditzaketen arazoak mahaigaineratzeko.
Batzarkidearen esanetan, kontua ez da ikerketa hau orain dela bi aste aurkeztu zenarekin (BioGipuzkoa) alderatzea, edota batzordean egin den bezala, Toxico Watchena gutxietsi eta bestea egi bakartzat jotzea. “Gure ustez, ikerketa guztiek dute zer erakutsia, eta batez ere, zein elementutan jarri behar dugun arreta”, gehitu du. Giltzarria da horrelako ikerketa eta emaitza gehiago izatea, eta horietatik ateratzen diren datu ezberdinak monitorizatzea.
Ikerketa horiek momentuko argazkia erakusten dute, eta argi dago osasunean duten inpaktua ikusteko denboran zehar ikusi behar dela. EH Bilduk berresten du esanez jarraipena egin beharko zaie bertatik ateratzen diren datu eta ondorio berriei, horiek zein garapen duten aztertzeko.
EH Bilduk, herrialdeko lehen indar politikoa den heinean, arduraz jokatuko du, datuak sakon aztertuz eta bilakaerei tentuz erreparatuz, bestelako ikerketa eta adituen ahotsa ere kontuan izanik.