AKTUALITATEA


| 2025-03-26 15:57:00

2019-2023ko legegintzaldian, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, ponentzia bat egin zen Gipuzkoako udal barrutiak erregulatzeko foru arauaren berrikuspenari buruz eztabaidatzeko. Hain justu, 2022ko azaroan onartu zuen taldeak ondorioen txostena.

Udal barrutiak aldatzeko prozedura zehatzei lotuta, ondorengo hau jaso zen txosten horretan: “60ko hamarkadan biztanleen borondate demokratikoa kontuan izan gabe beste udalerri bati batu izan ziren herrien kasuetan, foru arau honetan xedatuta dagoen biztanleen kopuruaren baldintza betetzetik salbuetsiak egongo dira”. Baldintza hori foru arauan jasota, Itsaso eta Angiozar tokiko entitate txiki izango lirateke.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, ordea, bere erantzukizunari iskin egin eta ez zuen aurkeztu foru arau hori aldatzeko proposamenik. Agintaldi honetan, EH Bilduk berriro egin du eskaria Batzar Nagusietan, eta, aho batez, aldundiari talde guztiek eskatu zioten 2024. urtea bukatzerako aurkez zezala foru araua aldatzeko proposamena; izan ere, lurraldeko hainbat auzo eta herri aldaketa horren zain daude, ibilbide instituzional berri bat hasteko.

2025eko lehen hiruhilekoa amaitzear den honetan, ordea, aldundiak oraindik geldirik jarraitzen du, herritarren eskariei jaramon egin gabe. Horregatik, EH Bilduk, lurraldeko lehen indar gisa, eta dagokion erantzukizunez, udal barrutiak erregulatzeko foru araua aldatzeko proposamena aurkeztuko du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eragiten dien herritarrekin landu ondoren. Hartara, bidea zabalduko dugu Itsaso eta Angiozar tokiko entitate txiki izan daitezen, eta, gainera, erantzuna eman ahal izango diegu etorkizunean etor daitezkeen errealitate berriei.