AKTUALITATEA


| 2024-02-13 15:02:00

EH Bilduk erabaki du Azpeitiko epaitegiak emandako epaiaren aurrean Erreforma helegitea eta apelazio helegitea aurkeztea, Gipuzkoako Probintzi Auzitegiaren aurrean.
Bestalde, Eider Mendoza eta Mari
a Ubarretxenaren jarrera ere salatu du, beren karguei zor zaien inpartzialtasuna urratu dutela uste baitu.

 

Pasa den otsailaren 7an eman zen ezagutzera Azpeitiko Lehen Auzialdi eta instrukziozko 2. epaitegiaren autoa. Bertan, AP1eko Arrasate (iparra) - Eskoriatza (iparra) zatiaren lanen likidazioak utzitako gainkostu milioiduna ikertzeko eskariaren aurrean, 1368/2014 kereila behin-behinean largestea erabaki zuen instrukzioko epaileak.

 

EH Bildun uste dugu epaitegiek uko egin diotela, 510/2015 kereilarekin egin zen moduan, hainbat dilijentzia praktikatzeari, besteak beste, 3. txosten perizial bat eskatu eta aurkezteari, auzietako alderdiek aurkeztutako aditu-txostenez gain (510/15 auzi horretan erabat argitu gabe dago oraindik 3. perizialaren aukera)”, azaldu du Oskar Bordes batzarkideak, Batzar Nagusitan egin den prentsaurrekoan. Zehazki, prozesu guztian fiskaltzak behin baino gehiagotan hau eskatu izan du: “egitateen konplexutasun eta teknizismo muturrekoa” izanik, “beharrezkoa” zela “egitateen benetako errealitatea argituko zuen peritu-froga independente bat egitea”.


Alegia, fiskaltzak txosten independente bat eskatu zuen teknikoki oso konplexua den kasu batean, Gipuzkoako Foru Aldundiak-Bidegik eraikuntza enpresei ordainketa irregularrak egin ote zizkien eta hainbat agiri faltsutu ote ziren argitzeko.

 

Fiskaltzak ikerketa horren beharra justifikatu zuen, “auzian dauden alderdi batzuen aditu-txostenek erabateko kontraesanak zituztela” argudiatuta. Auzi horretan (1. kereila edo 1368/14 zenbakiko aurretiazko eginbideak), 2020ko ekaineko 26ko auto baten bitartez, Probintzi Auzitegiak ebatzi zuen desproportzionatua zela froga horren kostua.

 

Honakoan, beraz, kereila behin-behinean largestea erabaki zuen Azpeitiko epaitegiak. Horren aurrean, EH Bilduk erabaki du Azpeitiko epaitegiak emandako epaiaren aurrean, dagozkion helegiteak aurkeztea auzitegien aurrean, helburu argi batekin: aipaturiko lan horrek izandako ustezko gehiegizko likidazioa argitzea. “Egia argitzea nahi dugu EH Bildutik, uste baitugu herritarrek eskubide osoa dutela diru publikoa nola erabili zen ezagutzeko, berme guztiak izango dituen prozesua izateko”, dio Bordesek.

 

Azkenik, EH Bilduk salatu nahi du Mendoza Diputatu Nagusiaren eta Ubarretxena Bide Azpiegituretako diputatuaren jarrera. Biek ala biek, beraien karguei zor zaien inpartzialtasunari muzin egin diote, eta, irmoa ez den epai baten aurrean egonik, nahiago izan dute alderdikeriaz gidaturiko estrategia aurrera eraman. 2023ko irailean esan bezala, argi dugu kasu hau ez dela inoren aurkakoa, egia ezagutzearen aldekoa baizik”, esanez bukatu du prentsaurrekoa batzarkideak.