2024ko uztailean Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ eta PSErekin aurreakordio bat sinatu zuen Euskal Herria Bilduk hamarnaka aditu eta ariturekin ponentzia bat egin ostean. Aurreakordio hori, oinarri gisa ontzat eman zuen koalizio subiranistak, politika fiskal egoki baterako determinanteak diren elementuak jasotzen zirelako.
Aldiz, erakundeetara foru arauak igorri zituztenean, Gipuzkoako bozeramaile Maddalen Iriartek azaldu duenez, “ikusi genuen guretzat determinanteak diren ardatzak ez zirela jasotzen. Hain zuzen ere, lan eta kapital errentak hurbiltzen joateko neurriak, elkarteen gaineko zerga eta progresibitate handiagoa PFEZen ez ziren jasotzen. Horrez gain, diru-sarrerak jaitsiko dituen planteamendu bat da EAJ-PSErena”, esan du.
Uztailetik honako bidean gertatu diren hainbat gauza nabarmendu ditu Iriartek. Batetik, koherentzia falta foru gobernua osatzen duten bi alderdien aldetik. Izan ere, 2024ko uztailean ona zela zioten arren, orain oinarri hori ahaztu egin dute PNVk eta PSEk foru araua bihurtzerakoan eta onarpenera heldu bitarteko prozesuan.
Bestetik, herritarrak ere ahaztu dituztela bidea egiten joan diren heinean. Edukiak, herritarrak, helburua eta norabidea, denak ahaztu dituzte. Zergatik eta bitarteko bat izan beharko lukeen akordioa helburu bihurtu dutelako. Ez hori bakarrik, norabide eta bisio falta ere adierazten du, izan ere, badirudielako berdin zaiela alde batera edo bestera egin. Gipuzkoan gotortuta dagoen gobernuak gotortuta jarraitzea aukeratu du gipuzkoarren ongizatearen gainetik.
Herri honek aurrean dituen erronkek, eta hau baieztapen partekatua eta zabaldua da, diru-bilketa handitzea eskatzen dute, nahikotasunez erantzungo badiegu herri honek eta herritarrek dituzten beharrei. Beraz, zerga erreformak, “eta bai, erreforma diot, zerga sistemaren diru-bilketa ahalmena handitzea izan behar du helburu nagusi, gehien daukanak benetan ekarpen handiagoa egin dezan”, azaldu du .
Helburu nagusi horretaz gain, erreformak beste helburu batzuk ere izan behar ditu, hala nola: genero berdintasuna sustatzea, trantsizio ekologikoa hauspotzea, etxebizitza eskubide subjektiboa egikaritzen laguntzea, edota gure herrian errotutako jarduera ekonomiko txiki eta dibertsifikatua multinazionalen jardueratik babestea.
Horrez gain, funtsezkoa da zerga-sistema, eta, ildo berean, eskuartean dugun erreforma ere, euskal herrialdeen artean ahalik eta armonizatuena izatea eta baliabide finantzarioak sistema instituzionalaren baitan modu orekatuan banatzea.
Oraingo zerga erreforma gure presio fiskala herrialde aurreratuenek duten mailara hurbiltzen joateko abiapuntua izan behar da. Horretarako, eta hasteko, beraz, diru-sarrerak handituko dituen planteamendua izan behar da. Hori ez da kolpe bakar batean egingo, beraz, prozesu hori marraztu behar dugu. Eta arduraz jardun behar dugu horretan.
EAJk eta PSEk aurkeztu duten errebisio horrek ez du proposatzen bilketa handituko duen planteamendurik eta, halaber, ez ditu barnebiltzen ezinbestekoak diren beste hainbat ardatz ere.
Orain indarrean dagoen zerga sistema 2007an PPren eskutik egindako erreformatik dator. Oraingoa, norabide berean, alegia, erregresiboan, dator. Dedukzioen zerrenda bat da, zantzu populista eta demagogikoekin egindakoa, errenta baxuenei laguntzera datorrenaren aitzakiaz, errenta altuenei, kapital errentei eragingo dieten neurriak saihestuz. Gisa horretakoa da hasierako proposamena, EAJk eta PSEk egindako 54 autoemendakinen ondotik eratorritakoa eta azkenean Podemosekin adostutakoa ere, bide batez esanda, komunikabideen bidez soilik ezagutu duguna.
Iriartek azaldu duenez, “EH Bilduk argi du herritarren zerbitzura eta haien ongizatea bermatzeko dagoela hemen. Eta ondorioz, hori duela ardatz bere jardunean. 2024ko uztailean adostutakoa oinarri egokia zen gure ustez eta hori pentsatzen jarraitzen dugu. Akordio hori edukietan zein forman zen eta da egokia”. Adostasun handia lortu zen, Gipuzkoan egindakoa, Euskal Herriaren zati honetan gehiengoa osatzen duten hiru alderdien artean. “Baina guk argi dugu akordioak bitartekoak direla eta ez helburu”, zehaztu du bozeramaileak.
Ongizatea bermatzen duten akordioetan dago EH Bildu. Aberastasuna banatu eta benetan aurrerakoiak izango diren akordio politikoetan. EH Bilduk ez du parte hartuko zuriketa eta zurikeria operazioetan. Eta hori da orain sustatzen aritu direna. “eta argi esango dut: gehien dutenen ekarpenaz hitz egin beharrean, kenkarien inguruan aritu zaizkigu eta gainera, kenkari horietatik kanpo utzi dituzte laguntza horiek gehien behar dituztenak, 20.000 eurotik behera irabazten dituzten milaka herritarrak, batez ere, gazteak eta emakumeak”, borobildu du Maddalen Iriartek.