Eskola-kirola da haur guztiek jarduera fisikoan modu seguruan eta progresiboan hasteko tresna eraginkorrena EH Bilduren iritziz. Azken urteotako lan instituzionalak arlo honetan adostasun zabala eraiki du, eta horri eutsi behar zaiola uste du ezker subiranistak. Hala aldarrikatu du gaur Batzar Nagusietako Kultura batzordean.
EH Bilduren iritziz, premiazkoa da Gipuzkoako kirol-hastapenaren egungo eredua indartzea eta egokitzea, eskola-adineko jarduera fisikoak eta kirolak gure lurraldean duten balio pedagogiko eta soziala bizirik mantendu nahi bada.
Zentzu horretan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren azken erabakia eskola-kirolaren aurkako eraso judizial onartezina da ezker subiranistaren ustez, interes pribatuak haurren eskubideen eta hezkuntza-balioen gainetik jartzen baititu.
EH Bildu batzarkide taldeko kide Esti Elduaienek adierazi duenez, epaiak kolokan jartzen du urteetan eraikitako eredua. Izan ere, eskola-kirola da haur guztiek jarduera fisikoan modu seguruan eta progresiboan hasteko tresna eraginkorrena, eta multikirola funtsezkoa da haur eta gazteak kirol-espezializazio goiztiarraren presiorik gabe aukera berdintasunez aritu ahal izateko.
EH Bilduk nabarmendu du azken urteetako lan instituzionalak arlo honetan adostasun zabala eraiki duela. Eta horren adibide da Gipuzkoako Batzar Nagusietan eskola-kirolaren eredua eguneratzeko ponentzian alderdi politiko guztiek bat egin izana, programaren onuretan eta berau indartu beharrean azpimarra jarrita.
Gauzak horrela, EH Bilduk argi du eragile guztiekin herri-itun zabal bat lortzea ezinbestekoa dela, eta baita eskola kirolaren berme juridikoa areagotzea ere. Euskadiko Kirolaren Legeak berak jasotzen du eskola-kirola, eta beraz, ezker subiranistaren ustez erakunde guztien ardura da programa babestea eta indartzea.
Horretarako, Batzar Nagusietan egindako batzorde txostengilean ahobatez osatutako txostenak agerian utzi du egungo eredua eguneratzeko eta sendotzeko bide argia:
Plangintza eguneratua eta parte-hartzailea
Ikastetxeen eta kluben arteko koordinazio hobea
Finantzaketa egonkor eta ekitatiboa
Tokiko eta eskualdeko egiturak indartzea
EH Bilduk gogoratu du Aldundiaren betebeharra dela neurri horiek berehala martxan jartzea, eta iragarri du jarraipen zorrotza egingo duela konpromisoak bete daitezen.