AKTUALITATEA


| 2021-11-30 13:17:00

Juan Karlos Izagirrek, EH Bilduko batzarkide taldeak 2022rako Foru aurrekontu proiektuaren aurrean aurkeztu dituen proposamenen berri eman du gaur prentsaren aurrean. Gipuzkoako EH Bildu taldeak osoko zuzenketa eta 109 zuzenketa partzial aurkeztu ditu.

Izagirrek EAJ-PSEk aurkeztutako aurrekontu proposamena baloratu du: “Foru-gobernuak aurkeztutako aurrekontuen proposamenak ez dio erantzuten une honetan Gipuzkoak dituen erronka nagusiei. Aurrekontu kontinuistak dira, ezer aldatzea planteatzen ez dutenak, eraldaketako garaia denean“.

Horren aurrean, eta EH Bildu Gipuzkoako lehen indarra munizipalista izanik, “gure ardura politikoa da aurrekontu propioak aurkeztea gipuzkoar guztiei. EH Bilduren proiektua milaka eta milaka gipuzkoarrok partekatzen dugu, eta hauei zor diegu gure proposamena mahai gainean jartzea“.

Akordioetara iristeko aukeren inguruan, Izagirrek adierazi du “gurea, edukietan adostasunetara iristea da. Helburua da gipuzkoar guztien bizi-baldintzak hobetzea, EH Bilduk egunero-egunero gobernatzen duen lekuetan demostratzen duen bezala. Hobetzeko saiakera horretan aurkituko gaituzte EH Bildurekin negoziatu nahi dutenek. Badakite zeintzuk diren gure lehentasunak eta proposamenak“.

EH Bilduren zuzenketak sistema fiskalaren aldaketa sakonean oinarritzen dira, Gipuzkoako aberastasunaren banaketa modu bidezkoagoan egin behar delako. Zehazki, EH Bilduren proposamena da bi zergatan hiru aldaketa egitea (gaur bertan egin daitezkeen aldaketak dira), eta iruzur fiskala %25 murriztea:

EAJ-PSEk azken urteotan sozietateen gaineko zergari aplikatutako tasan murriztu dituzten 4 puntuak berreskuratzea.

Enpresa handiei COVID 19 tasa aplikatzea, ezohiko neurri gisa.

Ondarearen gaineko zergan gobernu honek ezarri duen "armarri fiskala kentzea”.

100 langile kontratatzea proposatzen dugu, iruzur fiskala %25 murrizteko.

Neurri horiekin guztiekin 292 milioi euro gehiago bilduko lirateke, eta horietatik 52,5 milioi Gipuzkoako aurrekontuei dagozkie. Horrekin, gehi baliabide publikoen kudeaketa arduratsuago bat eginez, aurrekontua 87 milioi arte handitzea lortuko genuke. EH Bilduren proposamena da 87 milioi horiek Gipuzkoak dituen etorkizuneko erronketara bideratzea: zaintza sistema hobetzera, ekonomiaren sustapenera, trantsizio ekologiko eta digitalari lehentasuna emanez, eta klima-aldaketaren aurkako neurriak hartzera.

EH Bilduren proposamen nagusiak 2022rako:

Politika sozialak, batez ere zaintza sistema hobetzeko, 42 milioi euro gehiago. Zaintza modu integralean ulertzen dugu, erdigunean jarriz pertsona zaindua, bere ingurua eta zaintzailea. Partida nagusiak etxez etxeko zerbitzua sendotu eta senitartekoak zaintzeko laguntzak gehitzeko dira; ratioak hobetu eta langileen duintasuna lortuz; etxerik gabeko pertsonei dagokionez, beste erakundeekin batera ekiteko diru-lerro berria; eta Kabian diru gehiago jartzea.

Ekonomia suspertzeko diru-lerroak, trantsizio ekologikoa eta digitala, eta lurralde-oreka lehenetsiz. 25,15 milioi euro gehiago. Diru-lerro berri hauek proposatzen ditugu: bat, lurrak erosteko, bertako espeziak landatzea helburua izango duena, baso-politika aldatuz; beste bat, ekonomia soziala sustatzeko; eta hirugarren bat, trantsizio digitala eta ekologikoan enpresa txikiei laguntzeko.

Aldaketa klimatikoari aurre egiteko politikak. 8,6 milioi euro gehiago. Bi diru-lerro berri: pobrezia energetikoan bizi direnentzako diru-laguntzak eta enpresa txikiei energia alternatiboa sortzen laguntzeko beste bat.

Mugikortasun jasangarria bultzatzeko, 5 milioi euro inguru. Batez ere ,bizikletaren erabilera sustatu eta bidegorrien sarea amaitzeko; eta diru-lerro berri bat garraiolari autonomo eta enpresa txikikoei laguntzeko jasangarritasunean inbertsioak egin ditzaten.