AKTUALITATEA


| 2024-07-15 13:25:00

Gipuzkoako Batzar Nagusietan, zerga erreformaren inguruko zuzenketak bozkatu dituzte, gaur goizean, eta gipuzkoarren gehiengo zabala ordezkatzen duten adostasunak erdietsi dira alderdi politikoen artean.

 

Haritz Perez batzarkideak adierazi bezala, “EH Bildun oso garbi dugu politikara, eta zehazki Gipuzkoako Batzar Nagusietara, herritarren arazoei erantzunak eraikitzera etorri garela eta erantzunak elkarlanean eraikiko ditugula, desberdinen arteko adostasunen bitartez”.

 

Gaur, EH Bilduk lortu duen adostasunean erreforma fiskal justu eta progresiboan sakontzeko oinarriak jarri ditu, irailetik aurrera dagokion foru arauaren aldaketa gauzatzen denerako.

 

Batzarkideak EH Bilduren zuzenketetatik abiatuta, EAJ eta PSErekin adostu eta batzordean onartu diren puntuak zehaztu ditu:

 

- Pertsona fisikoen gaineko zergan errenta guztien tributazioa aztertzea adostu da, bereziki errenta baxuenetan tributazio txikiagoa lortzeko eta gainontzekoetan progresibitatea indartzeko. Horrek argi adierazten du foru arau berriak gehien dutenek progresiboki gehiago ordaintzeko konpromisoa jaso beharko duela.

- Errenta aitorpena egiteko salbuespenak ezabatzea eta betebeharra herritar guztiei zabaltzea, pertsona orok dagozkion laguntzak jaso ahal izateko, baita horiek emateko erabakitzen den bidea fiskala bada ere.

- Etxebizitzen kasuan, alokairua indartzeaz gain, eskuragarritasunari eman zaio garrantzia, eta alokatzen dutenei tributazio ezberdinak aplikatzeko proposamena jaso da, erreferentziazko prezioen eta erabileraren arabera.

- Enpresei dagokienez, enpresa guztiei gutxieneko tipo efektiboa ezarri eta horren kalkulua aztertzea.

- Sozietate zergako kenkari guztien inpaktuaren eta eraginkortasunaren ebaluazioa egitea.

 

EH Bildu politika publikoak hobetzeko akordioetan dagoenean, eta benetan alde guztietatik lanerako borondatea dagoenean, herritarren ongizatea hobetzen da.