Foru arau berri bat eskatu du ezker subiranistak kaos fiskaletik ateratzeko, zentzu komuna berreskuratzeko eta zerbitzu publikoak babesteko. Salatu du azken erreformekin kapital errenta altuek gutxiago ordaindu dutela eta enpresentzako kenkariak lau aldiz gehiago igoko direla datorren urtean herritarrenak baino.
EAJk eta PSEk Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban bultzatu duten norabide gabeko zerga-politika salatu du berriro ere EH Bilduk. Talde subiranistak foru arau berri bat zeharo aldatzea eskatu du, zentzu komuna politikara ekartzeko helburuz, gobernuak sortutako ezegonkortasunari aurre egiteko eta herrialdeak dituen erronka handiei modu integral eta partekatuan erantzuteko.
Batzar Nagusietan izandako eztabaidan, EH Bilduk argi utzi du bizi dugun egoera ez dela kasualitatea, urteetako erabaki politiko zehatz batzuen ondorioa baizik. Ildo horretatik, EH Bilduk gogor kritikatu du egungo lidergo publiko falta, eta gogora ekarri ditu azken urteetako hainbat adibide: Ibermatikaren edo Euskaltelen salmentak, 1.500 euroko gutxieneko soldataren ekimenari uko egin izana edota Donostiako Benta Berri auzoan funts putreei lur publikoarekin negozioa egiten utzi izana.
Gobernuak talentua erakartzeko eta enpresen "errotzea" bermatzeko proposatutako zerga-jaitsierak blindatu nahi ditu; EH Bilduk, aldiz, errealitatea oso bestelakoa dela ohartarazi du. "Benetan uste duzue urtero 50.000 euro kobratzen dituen pertsona batek 1.600 euroko zerga-beherepen bategatik erabakiko duela Gipuzkoara etorri edo bertan geratzea?", galdetu du EH Bilduren batzarkide Haritz Perezek.
Ezker subiranistarentzat, Euskal Herrira bueltatu nahi duten herritarren zein emantzipatu nahi duten euskal gazteen benetako arazoa etxebizitzaren prezioa eta eskuragarritasuna da. "Ez duzue neurririk planteatzen etxebizitzaren arazo kolosalari aurre egiteko. Planteatzen duzuena zergak jaistea eta diru-bilketa gutxitzea da, gero aurrekontuekin itxaron zerrendak luzatzen direnean dirurik ez dagoela esateko". Perezek gaineratu duenez, "gutxitzen den euro bakoitzeko zailagoa izango da etxebizitza sare publikoa eraikitzea edo Osakidetza berreskuratzea".
EH Bilduk datu esanguratsuak plazaratu ditu egungo zerga-sistemaren norabide eza agerian uzteko. Azken erreformaren ondorioz, kapital errenta altuek eta aberatsenek gutxiago ordaindu dute, eta etxejabeek maizterrek baino diru gehiago jaso dute Ogasunaren partetik. Are gehiago, datorren urtean pertsonen kenkariak %9,5 igotzea aurreikusten da, baina enpresen kenkariak %38 igoko dira, hau da, lau aldiz gehiago. "Arazoa ez da bakarrik baliabideak falta zaizkigula; arazoa da baliabide horiek barkatzen dizkiezuela gehien dutenei, irabazi handiko enpresei eta errentistei", esan du Perezek.
Egoera horretan, EH Bilduk Nafarroako eredua jarri du ispilu gisa, non aldaketa gobernuaren eskutik politika progresiboagoak eta adostasun zabalagoak lortu diren. "Gure proposamenak eta borondatea berdinak dira han eta hemen. Zuenak zeintzuk diren argitzen duzuenean, agian eseri ahalko gara eta taxuzko eztabaida bat izan", amaitu du Perezek.