Etxebizitzaren prezioaren etengabeko hazkundea euskal gizartearen arazo sozial larriena bilakatu da eta espekulazioari mugak jartzea premiazkotzat jo du talde subiranistak. Proposatutako foru arauak lau zerga nagusi aldatzea jasotzen du: Sozietateen Zerga, Ondare Eskualdaketen Zerga, Ondarearen gaineko Zerga eta PFEZa. Neurrien artean daude jabe handien pribilegio fiskalak kentzea, hirugarren etxebizitzatik aurrerako erosketak gehiago zergapetzea eta alokairu turistikoari %20ko errekargua ezartzea.
Etxebizitzaren prezioak urtez urte goia jotzen jarraitzen du eta egoerak larrialdi baten dimentsioa hartu du dagoeneko, EH Bilduren iritziz. Gipuzkoako Foru Aldundian zerga politika errotik aldatzeko foru arau proposamena aurkeztu du, azaroaren 4ko Batzar Nagusietako Ohiko Osoko Bilkuran eztabaidatuko dena. Ekimen honen helburu nagusia etxebizitzari bere funtsezko funtzio soziala itzultzea da, negozio edo inbertsio gisako erabilera ahalik eta gehien murriztuz eta herritarren bizi segurtasuna bermatuz.
Etxebizitza oinarrizko eskubide bat da eta ez merkatuko aldagai soil bat, eta ezinbestekoa da espekulazioari eta jabetza metaketari mugak jartzea zerga sistemaren bidez. Gipuzkoan pairatzen den etxebizitza larrialdiari aurre egiteko lau zergari eragiten dioten aldaketak proposatu ditu talde subiranistak.
Lehen proposamenean Sozietateen Zergan edukitzaile handien pribilegioak ezabatzea eskatzen da. Etxeak alokatzeko jarduera duten enpresen araubide berezia ezabatzea. EH Bilduren ustez aurrezkiak etxebizitza-espekulaziotik sektore produktiboetara bideratu behar baitira.
Ondare Eskualdaketen Zergan etxebizitza pilaketari muga jartzea proposatzen da. Hirugarren etxebizitza edo gehiago erosten dituztenei zerga-tasa igotzen. Karga hori are handiagoa litzateke bost edo hamar etxebizitza baino gehiago dituzten jabe handientzat, eta tasarik altuena inbertsio funtsei aplikatuko litzaieke. Lehen etxebizitza eskuratzen dutenentzako zerga murriztua mantentzea proposatzen da, etxebizitza bizitzeko erosten duenak eta negozioa egin nahi duenak berdina ordain ez dezaten.
Ondarearen gaineko Zerga Nafarroako araudira hurbiltzea ere eskatzen da, etxebizitzen balio erreala aintzat hartuz. Nolanahi ere, neurria benetako ondare handiei soilik zuzentzen zaie, zerga ordaintzeko muga 700.000 euroko ondare garbian mantentzen baita (etxebizitza barne hartuta, milioi bat eurotik gora).
Alokairu turistikoen etekinei %20ko errekargua ezartzea ere eskatzen da. Ohiko etxebizitzen eskaintza gutxitzen eta prezioak garestitzen dituztelako. Horrez gain, ohiko alokairuen zergapetzea prezioari lotzea proposatzen da.
Proposamen honen bidez, zerga-politika tresna eraginkor bihurtu nahi da etxebizitzaren jabetza esku gutxietan metatzea saihesteko eta merkatua arautzeko, Gipuzkoako herritar guztiei etxebizitzarako sarbidea errazteko norabidean.