AKTUALITATEA


| 2025-12-10 07:45:00

EH Bilduk ohartarazi du bizitegi-bazterketaren arazoa ez dela udal bakoitzak bere gain hartu beharrekoa, baizik eta erakunde-arteko erantzuna eskatzen duen erronka, izan ere, arazo globala da.


Datozen orduotan EUDELen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Mahai Iraunkorra bilduko da. Mahai horrek Aldundiaren eta udalen arteko batzorde tekniko bat martxan jartzea adostu zuen legealdi honen hasieran, Gipuzkoako egoeraren diagnosia modu partekatuan egiteko eta bizitegi-bazterketaren arloan zerbitzu eta baliabideen mapa eguneratzeko. Lan tekniko hori amaitzear dago, baina egoeraren larritasuna ikusita, EH Bilduren ustez eman beharreko urratsak azkartu behar dira, eztabaida sakon eta partekatu bati bide emateko, eta hartara soluziobideak martxan jartzeko. Bide batez, horien kudeaketa horretarako sortuta dauden markoetan egin behar direla aldarrikatu du.

Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Mahai Iraunkorretik harago, hala ere, eztabaida hau Gizarte Zerbitzuen Erakunde Arteko Organoan ere jaso beharko litzateke, EH Bilduren iritziz, mahai horrek batzen baititu Eusko Jaurlaritza, Aldundiak eta udalak. Eta organo horren eskumena baita gizarte zerbitzuen kartera eguneratzea, baliabide eta beharren mapa definitzea, eta baita bide-orriak zehaztea. 


Ezker subiranistak azpimarratu nahi du, hortaz, bizitegi-bazterketaren auzia konponbidean jartzeko, Aldundiaren eta bereziki Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze aktiboa behar dela, esan bezala, zerbitzuak zehaztu eta horien finantziazioa bermatzeko. Izan ere, udalek gaur-gaurkoz ez daukate nahikoa baliabiderik egungo premiei aurre egiteko, eta herritarrengandik gertuen dauden erakundeak izanagatik, arazo orokor baten katebegi ahulenak ere badira. Lurralde ikuspegia izango duen estrategia bat eta finantziazio plan bat behar dira, eskualdeetan udalen eskutik proiektuak garatu nahi badira.