AKTUALITATEA


| 2024-06-06 13:11:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak, eskualdeko garapen agentziekin lankidetzan, energia planak bultzatzeko hitzarmena sinatu du gaur, eta goizean adierazi du Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak agentzietako ordezkariekin batera. EH Bilduk agintzen duen garapen agentzien izenean eta horien ordezkari gisa, Ion Arozena Urola Kostako Udal Elkarteko (UKUE) lehendakariak hartu du hitza.

 

Arozenak adierazi duen bezala, parez pare dugun erronka ekosozialaren aurrean, ezinbestekoa da energia burujabetzan pausuak ematea, eta ez nolanahikoak gainera. “Determinazioz jokatu nahi dugu horrek guztiak eskatzen duen trantsizioa gauzatu ahal izateko”.

 

Gaur sinatutako hitzarmenarekin, garapen agentziek duten rola determinantea dela aitortzeko bidean urrats bat baino ez da EH Bilduren ustez. Pausu hori beste askoren artean lehena izatea espero da. “Garapen agentziok gure eskualdeetako funtsezko erakundeak gara, eta aipaturiko erronka ekosozialari ekiteko, baita tokiko garapen zein zaintzaren erronkei ere, besteak beste, baliabideak eta gure presentzia handitzea ezinbestekoa da”, dio UKUEko lehendakariak.

 

Ion Arozenak ere gogorarazi nahi izan du garapen agentziak eskualdeetako herrien elkarteak direla, eta herri horietako asko txikiak direnez oso zaila zaiela dutela lehen aipatutako erronkei aurre egitea. Beraz, “agentziak bermatu behar dute txikiak diren horiek ere gaitasuna izango dute energia trantsizioan aurrera egiteko”.

 

Esandakoaren ildotik, energia trantsizioan buru belarri sartuta gaudela eta gure eskualde eta udalerrietan martxan jarri ditugun energia-komunitateei loturikoak hainbat direla ere baieztatu du Arozenak. “Bide horretan sakontzea da gure erronka eta determinazioa, eta helburu horiek betetze aldera, ezinbestekoa da klima larrialdiak dakartzan erronka anitzei erantzuteko deliberazio prozesuak martxan jartzea”, gehitu du.

 

Bukatzeko, horretan jardutea izango da EH Bilduk lehendakaritza duen garapen agentzien egitekoa, eta talde subiranoak espero du bestelako erakunde eta eragileak bidelagun izatea.