OPINIONES

Garraio publikoa sustatzeko: eskaintza hobetu, prezioak jaitsi

Helena Franco Ibarzabal | 2022-06-23 12:17:00

Asko gara gure egunerokoan herritik kanpo joan behar izaten dugun getxoztarrak. Esaterako, EUSTATen eskuragarri dauden datu berrienak hartuz, lan arrazoiengatik biztanleria okupatuaren %78 mugitzen da Getxotik beste herri batera (2016ko datua).

Eta ikasketak direla-eta, 16 urte edo gehiagoko biztanleriaren %83 da mugitzen dena (2011ko datua). Aipatzekoa mugikortasun altu samarra dela, kasu bietan EAEn baino 19 puntu gorago gaudela (erkidegoan %59 eta %64, hurrenez hurren). Horri gehitu beharko genizkioke zaintzari loturiko desplazamenduak, edota erosketak egiteko eta kultur eta aisiaz gozatzeko egiten direnak.

Gaur egungo garraio eredua hipermugikortasun motorizatuan dago oinarrituta; etekin pribatua maximizatzea helburu duen eredu sozioekonomikoak nahierara erabiltzen du espazioa eta ondorioz merkantzien zein pertsonen mugimenduak neurriz gain hazten dira: bidaia eta trafiko gehiegi, dena azkarregi joan nahian, berdin distantzia luzean zein laburrean; herriei eta, zer esanik ez, ingurumenari horrek guztiak eragiten dion kalte izugarriari inongo jaramonik egin gabe.

Guk, ordea, ikuspegi ekologikoki arduratsu eta sozialki aurreratu batetik aztertu nahi dugu zeintzuk diren getxoztarrok gure hurbileko desplazamenduetarako dugun garraio beharrei erantzuteko modu egokienak, eta erantzuna argia da: modu ez-motorizatuak (oinez ibiltzea edo bizikletaz) bultzatzearekin batera garraio publikoa izan behar da gure apustua.

Begi-bistakoak dira  garraio publikoa sustatzeko argumentu nagusiak:

- batetik, arrazoi ekologikoak. Esan gabe doa planetaren mugak gero eta ageriago geratzen ari diren garai hauetan, eta konponbideak askoz sakonagoak izan behar badira ere, automobil pribatuaren gehiegizko erabileraren aurrean garraio kolektiboak lehenetsi behar direla, besteak beste kontsumo energetikoa jaisteko edota berotegi efektuko gasen isurketak eta oro har airearen kutsadura murrizteko. Automobiletik tren, metro, bus, edo tranbiarako joera aldaketa horretan pizgarri ezinbestekoa izango da garraio publikoa hobetzea (kotxearen erabilerari zailtasunak jartzearekin batera, adibidez hiriguneetan zirkulatzeko eta aparkatzeko oztopoak jarriz edota prezioetan kotxeek eragiten duten benetako kostuak barneratuz).

- bestetik, badira ere arrazoi sozialak, izan ere garraio publikoaren hobekuntza batez ere hura gehien erabiltzen duten kolektiboei egiten die mesede; alegia mugikortasuna lortzeko beste biderik ez daukatenak, hau da, kotxerik ez daukatenak. Zentzu horretan erabiltzaileak nagusiki emakumeak dira (hiri barneko garraioan %60 inguru), eta berebat ikasleak, langileak edota klase apaleko herritarrak, horietariko asko etorkinak. Hots, kotxea eros ezin dezaketenak, edo hainbatetan, etxean kotxe bakarra izanik hura erabiltzea tokatzen ez zaienak (oraindik ere nagusi den familia konbentzionalean kotxea aitak edo senarrak hartzen baitu).

Getxon daukagun garraio publikoa nahiko onargarria izanik ere badago zer hobetu, zalantza barik. Zerbitzuaren maiztasuna handitu beharko litzateke (autobusak eta metroa sarriago, bereziki funtsezko ibilbide batzuetan, hala nola unibertsitate eta ikastetxeekiko loturak, edota ospitaleak eta osasun zentroekikoak; eta hondartzetarakoak ere, uda sasoian); ordutegiak luzatu, zerbitzua beranduago arte martxan egotea bermatuz, gaueko zerbitzua indartuz alegia.

Udalerri barruko mugikortasunari dagokionez, EH Bilduk etengabe aldarrikatzen eta udal gobernuak etengabe entzungor egiten dion Getxobusaren beharra azpimarratu nahi dugu, herri barnean auzoak eta zonalde batzuk eta besteak lotuko lituzkeenak.

Eta jakina, prezioa ere bai. Garraio publikoa benetan erakargarriagoa egin nahi badugu merkeagoa izan behar du. Barik tarifak altu samarrak dira; hileko bonuak, hobariak izanda ere, oso garestiak dira Europako beste hiriburu batzuekin alderatuta. Lehentasunezkoa da gazteentzako eta ohiko erabiltzaileentzako tarifa merkeagoak ezartzea, agian horrela gaur egun kotxea erabiltzen duten batzuk metroa edo busaren aldeko hautua egitera animatuko bailirateke; eta edozein kasutan seguru dena, prezio baxuagoek garraio publikoaren gatibu diren kolektibo eta herritarrei eurentzat ezinbestekoa den gastu hori arintzen lagunduko dielako.