OPINIONES

Eta gazteok... zer?

Ane Larrakoetxea Vivar | 2021-03-24 09:48:00

Getxoko Udalak ez du inoiz jakin zeintzuk diren Getxoko gazteon beharrak; izan ere, ez digu inoiz galdetu. Romo eta Algortako Gaztelekuak edukitzea eta programazio minimo bat eskaintzea nahikoa omen da 76.953 biztanle dituen udalerri bateko gazteria asetzeko.

Gazteleku hauek 11-17 urte bitarteko gazteentzako dira. Pentsatzen dut, agian, seguruenik, 11 eta 17 urteko gazteek ez dituztela behar eta interes berdinak. Baina tira, ez noa Gaztelekua kritikatzera; propositiboa den edozerk gehitzen du, akaso. Gertatzen dena da, 18 urteak beteta Gaztelekua ez dela jada gazteentzako espazioa. Eta orduan zer eskaintzen du Getxoko Udalak? Ba zenbait tailer solte, gehienak egun bakarrekoak, askoz gehiagorik ez. Udan antzeko egoera gertatzen da: udal udalekuen zerbitzua 5-12 urte bitarteko umeei bideratuta dago. 12 urtetik gorako nerabe eta gazteek zail daukate udalak zuzendutako programazioren bat aurkitzeko herrian.

Eta zer esanik ez kaleko espazioei dagokienean. Ariketa sinple bat: ibili kaletik eta ikusi non elkartzen diren gazteak, nolako elkarguneak diren eta zein harreman dagoen euren artean. Seguruenik terrazak gaztez lepo ikusiko ditugu, kuadrila bakoitza mahai baten inguruan. Kontsumitu gazte! Baina, zer bestela? Gogora ekarri nahiko nuke urte luzez gazteen elkargune izandako Txiki Otaegi plaza. Gaur egun Muxikebarri den makroproiektua eraikitzeko aitzakiarekin plaza goitik behera eraldatu eta hamarkada luze batez itxita eduki zuten. Herriko zentroan zegoen espazioa, borborka zegoena, zapuztu egin zuten, bertan gazteen artean ematen ziren harreman, elkargune eta konplizitate espazio garrantzitsua desagerraraziz. Ez litzateke hain larritzekoa izango horren ordez elkartzeko beste hainbat espazio edukiko bagenitu, baina zoritxarrez ez da hau gure kasua.

Plazak edo parkeak ondo daude arratsalde pasa lasaia egiteko, pipak jateko eta garagardo bat edateko, baina badago denbora pasa dinamikoagoak nahi dituen jendea. Hemen ere Getxoko Udalak huts. Herri osoan dagoen frontoi publiko bakarra Txiki Otaegi plazakoa da. Ez al da surrealista? Haurtzaro, nerabezaro eta gaztaro osoan eskoletako hesiak saltatu behar izan ditugu kirola egin ahal izateko! Izan ere, orain arte, Getxoko eskola gehienak klasez kanpoko orduetan itxita egon dira.

Musika jotzeko hautua egiten duten gazteak ere alboratuta geratzen dira udalerri honetan. Ba al daki Getxoko Udalak zenbat musika talde egon diren gure herrian historian zehar? Musika taldeek talde bezala garatzeko daukaten aukera ofizial bakarra entsegu lokalengatik ordaintzea da.

Eta arloz arlo aztertzen jarraituko bagenu konturatuko ginateke Udal Gobernu honek ez daukala gazteontzako eskaintza duinik eta gazteria ez daukatela arlo garrantzitsutzat. Eta gero kexu dira. Agintariak, boteredunak, kontrola dutenak kexu dira gazteria antolatzen denean. Baina zein da bestela gure patua?

Zorionez, badago herri honetan gazteriaz arduratzen den gazteria antolatua eta kolektibo hau nazkaz, asperduraz, utzikeriaz eta asimilazioz usteltzen utzi aurretik prest dagoena alternatibak sortzeko eta eskaintzeko; gazteon beharrak identifikatzeko eta horiei irtenbide posibleak bilatzeko; Udal honek eskaintzen ez dizkigun zerbitzuak autogestio bidez garatzeko. Zorionez, badago gazte mugimendu bat etsitzen ez duena eta zailtasun eta mugen gainetik borrokan jarraitzen duena; ausarta dena eta Getxoko Udal Gobernuari maila beretik hitz egiteko gai dena.

Adi borrokari lotua dagoen gazteria daukagu eta!