AKTUALITATEA


| 2024-05-02 11:46:00


"Santa Ana parkean olgetan" izenburupean, auzo honetako plaza eta parkea eraberritzeko proposamena aurkeztu du Getxoko EH Bilduk. Martxoan Santa Anan bertan auzokideen ekarpenak jaso zituen EH Bilduk, bai umeena bai parkean egoten diren guraso, zaintzaile eta gainontzeko erabiltzaileena. Gaur egun parkeak hainbat gabezia eta hutsune dituela antzeman du EH Bilduk: jolasteko gune zaharkitua, euria egiten duenean erabiltzeko ezintasuna, hainbat zerbitzuren falta...


Egoera honen aurrean, EH Bilduk proposamena landu du Santa Ana parkearentzat. Proposamen honetan hainbat elementu jaso dira: aterpea (urteko 365 egunetan plaza erabili ahal izateko), komunak, kioskoa (ostalaritza zerbitzua sortzeko aukerarekin), nagusi zein zaintzaleentzako gerizpea, pilota-gunea, adin ezberdinetarako gunea, parke tematikoa, bizikleta-gunea, mahaiak eta aulkiak... Azpiegiturari bakarrik ez, eta proposamenak ere jaso du plazan bertan kultur egitaraua antolatzeko aukera, horren falta somatu baita auzokideen artean.


EH Bilduk berriro ere proposamen hau Santa Anan aurkeztuko du, herritarren iritziak jasotzeko eta ostean osoko bilkuran aurkeztuko du, Udalak plaza honen eraberritzea martxan jar dezan.