AKTUALITATEA


| 2023-04-14 13:19:00

EH Bildu Getxoko kideok ilusio handiz aurkezten gara udal hauteskundeetara. Sinesten dugu gure herria hobeto eta beste modu batera kudeatu daitekeela, eta horretarako prest gaude.

Auzo-bizitza izango duen herri bat nahi dugu. Bere inguru berdeak eta eraikin historikoak zainduko dituen herria. Denon neurrirako kultur eta kirol jarduerak antolatuko dituena; etxebizitza sozialak sustatuko dituena; zaintzak erdigunean jarri eta feminismoa, LGTBIQ+ politika integralak eta euskara ardatz dituena; hemen bizi nahi dutenekin solidarioa eta irekia dena, alegia.

Inposiziorik gabe kudeatzen duen Udala behar dugu, HAPOrekin edo Lope de Vegako eraikinekin gertatutakoa bezalakorik inoiz gehiago ez errepikatzeko.

Auzokideak entzungo dituen Udal Gobernua behar dugu, gardentasunez eta parte-hartzea erraztuz erabakiak hartuko dituena. Herritarren arazoekin enpatia eta sentsibilitate handiagoa izango duena, iruzurrik eta bezerokeriarik gabe. Eta, gainera, kudeaketan eraginkorragoa dena.

Bestelako herri-eredu hau bideratzeko talde prestatua dugu, ideia eta proposamenez beterik datorrena, konpromisoz eta zintzotasunez jardutera.

Alternatiba gara! Abante Getxo!