Getxoko Udalak euskara baztertu du ikasturte berriko ikastaroetan


| 2023-09-05 13:59:00

EH Bilduk salatu du aurten ere Getxoko Udalak euskara baztertu duela ikasturte berrirako antolatu dituen ikastaroetan. Urtero bezala, Getxoko Kultur Etxean hainbat ikastaro antolatu ditu 2023-2024 ikasturterako, eta bertan antolatu dituen 15 ikastaroetan, euskararen erabilera oso urria izango da: 13 ikastaro gazteleraz izango dira eta bakarrik 2 eskainiko dira euskaraz.

 

Gauza bera gertatuko da Emakumeen Jabekuntza Eskolaren kasuan. 14 ikastaro antolatuko dira bertan: 12 gazteleraz izango dira eta 2 euskaraz. Zoritxarrez, urtero errepikatzen den egoera da, eta urtero salatzen du EH Bilduk Getxoko Udalak euskaldunon hizkuntza-eskubideak urratzen dituela. 2019. urtean, esate baterako, EH Bilduk sinadurak batu zituen ikastaroak euskaraz egitea eskatuz. Halaber, urte bereko irailean mozioa aurkeztu zuen, baina Udal Gobernuak ez zuen EH Bilduk aurkeztutako mozioa babestu.

 

Egoera honen aurrean, salaketa publikoa egiteaz gain, EH Bilduk erantzukizunak eskatuko ditu, salaketa erregistratu du Hizkuntz Eskubideen Behatokian eta presioa egiten jarraituko du Udaleko arlo guztietan. Getxon ere euskaraz bizi gura dugu!