Getxoko udalerrian gaur egun ia 20 hezkuntza-zentro ezberdin ditugu, auzo guztietan: Andra Mari, Algorta, Zubileta, Larrañazubi, Romo, Areeta... Ikastetxe bakoitzak bere errealitatea badu ere, salbuespen gutxi batzuetan izan ezik, gehienak ez daude oinezkoentzako guneetan, eta horietako batzuetan pilaketak sortzen dira ikasleen sarreretan eta irteeretan, goizeko lehen orduan eta eguerdi-arratsaldean: trafikoa, irisgarritasun-arazoak, arriskua, etab. Horrek arazoak sortzen ditu hezkuntza-zentroen inguruan, ez bakarrik guraso, ikasle eta irakasleentzat, baita bertako auzokideentzat ere.
Hezkuntza-zentro batzuetara oinez edo bizikletaz modu seguruan heltzea zaila da. Getxon dauden ikastetxeetatik, oso esanguratsua da Romon bakarrik dela posible bidegorria erabiliz hezkuntza-zentrora heltzea. Gainerakoetan, bizikletaz sartzea ez da modu seguruan bermatzen, errepidetik edo espaloitik egin behar baita. Bidegorri bat egongo balitz eskolara heltzeko, gehiago izango lirateke bizikleta erabiltzera animatuko liratakeen ikasle, guraso eta irakasleak ere.
Egoera horren aurrean, Getxoko Udalak azterketa tekniko bat egitea proposatzen dugu, zentro guztien inguruan hainbat aukera aztertu eta alternatibak proposatzeko: oinezkoentzako lehentasuneko guneak sortzea, plataforma bakarra ezartzea, bidegorria eraikitzea, ordutegi ezberdinak finkatzea erabilera ezberdinetarako, trafikoa mugatzea... Ikastetxe bakoitza banaka aztertuko litzateke, bakoitzak duen behar bereziarekin, eta bakoitzarentzat neurri ezberdinak hartuz. Hau guztia egiteko, ikastetxeen zuzendaritza, guraso elkarte, ikasle eta auzo horietako auzokideen iritziak jaso beharko lirateke, egoera bakoitzaren errealitatera egokitzeko.
Horrelako neurriak hartuko balira, gainera, ikasleen autonomia bultzatzen jarraituko genuke, "Eskola bidean" bezalako programek egiten duten bezala. Horrela, ikasleak ikastetxeetara modu seguru eta independientean heltzea bultzatzen jarraituko genuke, guztiontzat auzo atseginagoak sortuz.
Honegatik guztiagatik, honako mozio-proposamena aurkezten diogu Getxoko osoko bilkurari:
- Getxoko Udalak azterketa teknikoa egingo du, udalerriko hezkuntza-zentroen errealitatea aztertu, ikastetxeen inguruan mugikortasuna hobetu eta oinezkoei lehentasuna emateko asmoz.
- Getxoko Udalak konpromisoa hartzen du azterketa tekniko hori egiteko hezkuntza-komunitate (zuzendaritza, guraso elkarte, irakasle eta ikasle) eta auzokideen iritziak jasotzeko.