AKTUALITATEA


| 2024-12-04 09:32:00

EH Bilduk 50 emendakin aurkeztuko dizkio Udal Gobernuaren aurrekontuari, osoko emendakina bat aurkezteaz gain. Guztira, 11,4 milioi euroko inbertsioak izango dira.

Gure proposamenak, batik bat, arlo hauen inguruan batzen dira: etxebizitza, mugikortasun jasangarria, auzoetan inbertsioak, trantsizio ekologikoa, parkeetan hobekuntzak... Hemen jaso ditugu hainbat proposamen:

Etxebizitzan, besteak beste, udal lurzoruetan alokairuzko etxebizitza sozialak eraikitzea proposatzen dugu, etxebizitza hutsak mobilizatu eta kanona aplikatzearekin batera. Mugikortasun eta hirigintza arloan, EH Bilduk hobekuntzak planteatzen ditu kale ugaritan: Algortako etorbidea, Zientoetxe, Andres Cortina, Kasune, Sarrikobaso... Ikastetxeen irteera eta inguruetan ere oinezkoei lehentasuna ematea proposatzen dugu. Beste ideia bat auzo-taxi zerbitzua martxan jartzea izango da, behar bereziak dituzten pertsonei begira, Getxobusarekin presioa egiten jarraitzen dugun bitartean.

EH Bilduk hobekuntzak proposatuko ditu Getxoko ia auzo guztietan: Andra Marin eta Aldapan auzo-etxeak; eguneko zentroa Areetan; hobekuntzak umeentzako parke ugaritan (Arkotxa, Arrigunaga, Santa Ana, Ortzadar, Zubileta...); Telletxen eta Malakaten komunak jartzea; Mimenagako padura berreskuratzea... Kultur eta kirol azpiegituretan ere inbertsioak indartzea proposatuko du EH Bilduk: Andra Mari kiroldegia eraberritzea, Errotatxun rokodromoa eta Getxo Abentura gunea; Fadurako udako igerilekuetan aterpea ezartzea; Zubiletan pump-track gunea; Algortan liburutegi berri bat; frontoi publiko berri baterako azterketa; zine-aretoak mantentzea...

Beste proposamen batzuek Udalaren eraginkortasuna eta funtzionamendua hobetzea proposatuko dute: etxez etxeko zerbitzua modu zuzenean kudeatzea, hirigintza arloan ikuskaritza egitea, politikarien soldatak jaistea, bigarren berdintasun teknikari bat kontratatzea... Azkenik, EH Bilduk ere proposatuko du kultur, kirol eta gainontzeko elkarteen diru-laguntzak %10 igotzea eta Palestinarentzat laguntza humanitarioa bideratzea.

Emendakin guztiak irakurtzeko egin klik hemen.