AKTUALITATEA


| 2024-01-22 09:45:00

Getxo eta Loiuko aireportuaren artean 18 kilometro besterik ez dauden arren, gaur egun ordubete baino gehiagoko bidaia egin behar da bertara garraio publikoaren bidez heltzeko, garraio bi hartu behar direlako (metroa eta autobusa, edo autobus linea bi, 3247 linea hartuta). Horrek egiten du, aireportura joan behar duten getxoztar askok bestelako bideak bilatu behar izatea bertara heltzeko: oso ohikoa da, esate baterako, lagun edo senideei eskatzea aireportura autoz eramateko edo jasotzeko.

Lan kontuengatik edo oporrengatik aireportua erabiltzen dutenez gain, badira ere egunero Getxotik aireportura lan egitera joaten diren getxoztarrak, aireportuan 2400 langile inguruk lan egiten dutelako, azpikontratak edo bestelako zerbitzuak kontuan hartuta.

Mehatxu klimatikoaren testuinguruan gaudela kontuan hartuta, ezinbestekoa da gure errepideetatik ahalik eta auto pribatu gehien kentzea. eta horretarako beharrezkoa da erakundeetatik bestelako alternatibak eskaintzea, garraio publikoa sustatuz esate baterako. Aukera bat izan daiteke, beraz, Getxo eta Loiuko aireportua lotuko duen autobus-lerro bat sortzea (edo gaur egun martxan dagoen linea bati geraleku bat gehitzea aireportuan, adibidez A2153 lineari, Getxo eta Txorierri lotzen dituena).

Horregatik, Getxoko Osoko Bilkurari ondoko proposamena luzatuko diogu:

- Getxoko Udal Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen dio azter dezala Getxo eta Loiuko aireportuaren arteko autobus zerbitzu baten balizko eskaria.

- 2025erako aurreikusita dagoen Bizkaibusen zerbitzu berriaren lizitazioan ekarpenak egiteko prozesuan zehar, eta datuek hala babesten badute, Getxoko Udalak eskatu dezala autobus zerbitzua Getxotik Loiuko aireportura.