Ekimen aldarrikatzailea egin du gaur eguerdian EH Bilduk Getxoko kaian. Gurutza-ontzi baten aurrean "Eredu honi ez" letrak irudikatu dute, "turismo eta mugikortasun hau iraultzea beharrezkoa dela" aldarrikatzeko. Aurten 80 kruzero baino gehiago heldu dira Getxoko portura, inoizko kopururik handiena, eta EH Bilduk nabarmendu duen bezala, "oraindik ez dakigu zehazki zein den gurutza-ontziek gure kostaldean sortzen duten eragina, zenbatekoa den sortzen duten kutsadura, ezta zer nolako ekarpena egiten dion gure herriko ekonomiari ere".
Egoera honen aurrean, "eta kontuan hartuta gurutza-ontziak direla garraiobiderik kutsakorrena", euren kopurua mugatzea proposatu du Getxoko EH Bilduk: "Erakundeak harro agertzen dira aurten inoiz baino kruzero gehien helduko direlako Getxoko kaira, baina argi dago eredu hau ez dela jasangarria eta beharrezkoa dela aldatzea, are gehiago larrialdi klimatikoaren ikuspegitik". Norabide horretan, koalizio abertzaleak proposatu du tasa ekologikoa edo "ekotasa" bat ezartzea Getxora etortzen diren gurutzaontziei, eta azterlan bat egitea eredu honen inpaktua aztertzeko, arlo guztietan. Orain arte, EAJ-PSEren Udal Gobernuak ezezkoa eman dio proposamen honi.
Izan ere, EH Bilduk azpimarratu duen bezala, "ez dugu bat egiten gurutza-ontziek bultzatzen duten mugikortasun eta turismo ereduarekin". Elitista izateaz gain, "turismo-arina"-ren eredua jarraitzen du: gurutza-ontzi gehienak ordu batzuk baino ez dira egoten Getxoko kaian, ez dute gure herria ezagutzeko tarte nahikorik izaten eta herriko dendari txikiei ez die inolako ekarpenik egiten. "Gure herrian uzten duten ekarpen bakarra kutsadura da".