AKTUALITATEA


| 2024-06-26 09:24:00

Ezaguna da Azkorri aldean azken urteetan gertatzen diren kotxe pilaketek sortzen duten ezinegona auzokideen artean. Are gehiago, getxoztar guztiontzat gozagarria den eremu berde honetan motordun ibilgailuen joan etorri etengabeak getxoztar guztiok arduratzen gaitu. Izan ere, naturaz gozatzeko leku bakarretakoa da eremu hau.

 

Argi dago mugikortasun arazoek asko daukatela ohitura kolektiboetatik, eta horregatik, ohitura aldaketak eman daitezen, administrazioak pausuak eman behar ditu. Kontziente gara egun batetik besterako aldaketarik ez dela egongo arlo honi lotuta, eta saiakeraren bat edo beste egin dela, Zientoetxeko bidegorria kasu; bidegorri estua eta arriskutsua izanik, kendu behar izan zena. Baina ziur gaude kotxeen eta motordun ibilgailu pribatuaren alde hartutako erabakiek ez dutela lagunduko norabide aldaketa horretan.

 

Norabide honetan, azken urteotan hainbat neurri proposatu ditugu, bai mozio bidez zein proposamenak eginez gaia batzordean tratatu denean, baina zoritxarrez agerikoa da udalaren utzikeria. Kotxeei txarto aparkatzeko ipini diren oztopoak herri-mugimenduak berak jarri behar izan zituen, udalaren utzikeriaren aurrean. Denbora aurrera joan da eta berriro ere betiko egoera berdinean gaude. Aurten ere aurreko urteetako arazo berberak errepikatzeko arriskua daukagu gurean, udalak inolako neurririk hartu ez duelako, hala eskatu diogun arren hemen osoko bilkuran bertan, baina baita inguru horretako auzokideek ere.

 

Errealitate hau kontuan hartuta, eta ikusita udalak ez duela inolako alternatibarik planteatu, honako akordio proposamena dakargu udalbatza honetara:

1.         Getxoko udalak konpromisoa hartzen du Azkorriko inguru naturala babestu, errespetatu eta bertan kutsadura, zarata eta autoen trafikoa murrizteko. Horrekin batera, Getxoko udalak bideragarritasun-azterketa egingo du Zientoetxe errepideko 25 zenbakitik gora oinezkoen lehentasun eremua bihurtzeko bidean.

2.         Getxoko udalak, dauzkan herramintaz baliatuta, zirkulazioa mugatu edo etengo du egunaren denbora tarte batean ingurua errespetatu eta zaindu aldera.