Gasteiz

Larrionek ikuspuntu feminista eta LGTBI udal departamentu guztietara hedatu nahi du, era transbertsal batean

Koalizioko bigarren hautagaiak, Rocio Vitero independenteak, nabarmendu du «lehentasuna» eman behar zaiola «bizitza guztien jasangarritasunari»

| 2019-05-20 20:00:00

Miren Larrion EH Bilduren Gasteizko alkategaiak, politika LGTBI eta feministei buruzko ekitaldi batean parte hartu du gaur, Santa Barbara plazan. Alkategaiarekin batera egon dira Rocio Vitero, Amancay Villalba eta Alberto Porras ‘Titos’ hautagaiak. Yogurihna Borova artistaren ikuskizunak ere lekua izan du ekitaldian.

Larrionek argi utzi du bere asmoa badela esparru horiei eskaintzen zaien arreta handitzea: «Ikuspuntu feminista eta LGTBI bat izan behar dugu udal departamentu guztietan, era transbertsal batean, berdintasun zerbitzutik haratago».

Horren haritik, EH Bilduren apustua da udaleko lantalde guztiari formakuntza egokia ematea, eta bereziki pertsonei aurrez aurreko arreta ematen dizkioten langileei. «Udalean lan egiten duten profesionalei prestakuntza ona eman behar diegu, ikuspuntu feminista eta LGTBI bat sartu behar dugu zerbitzu sozialetan, udaltzaingoan, etab.», argudiatu du alkategaiak.

Koalizioko bigarren zerrendaburuak, Rocio Vitero independenteak, zehaztu du beharrezkoa dela ikuspuntu intersekzional bat martxan jartzea halako politikei heltzerakoan: «Zapalkuntzaren ardatz ezberdinak aintzat hartu behar ditugu: sexu orientazioa, genero nortasuna, klase, arraza, jatorria, adina. Ez gaude hitz egiten ari zapalkuntzaren olinpiar jokoei buruz, baizik eta zaurgarritasuna eragiten duten aldagaien konbinazioari buruz».

Viteroren aburuz, beharrezkoa da esku-hartzea hala emakumeen eta kolektibo zaurgarrien zapalkuntzaren gainean nola ingurumenaren zapalkuntzaren gainean. «Bizitza guztien jasangarritasunak izan behar du geure lehentasuna, eta udal maila da egokiena hausnartzeko, diseinatzeko eta aurrera eramateko ekintza eraldatzaileak, modu kolektiboan», azaldu du.

Bestalde, Alberto Porras ‘Titos’ hautagaiak azpimarratu du koalizioaren borondatea dela LGTBI kolektiboarekin modu jarraian lan egitea. «Geure eginkizuna da mugimenduari laguntza ematea, gu izango gara euren ahotsa udalbatzan, baina politikak haiekin batetra diseinatu behar ditugu. Garrantzitsua da ulertzea nor den subjektu politikoa eta nolako beharrak eta desioak dituen, eta horregarik LGTBI kolektiboaren eskutik ezarriko ditugu politikak».

 

Larrionek lan egingo du Gasteizko gazteek etorkizunerako enplegu eta etxebizitza aukera duinak izan ditzaten

Xabi Ruiz de Larramendi hautagaiak ziurtatu du Gasteizko gazteria aktibo eta errebeldearen bozkak EH Bildurekin bat egingo duela maiatzaren 26an

| 2019-05-18 14:05:00

EH Bilduko alkategaiak, Miren Larrionek, ekitaldi txiki batean parte-hartu du gaur hiriko hainbat gazterekin, Xabi Ruiz de Larramendi zerrendako zazpigarren hautagaiarekin batera. Larrionek bermatu du lan egingo duela «iraganeko belaunaldiek aurrera egiteko izan zituzten aukera berdinak bermatzeko gaur egungo hiriko gazteei».

Alkategaiak azpimarratu du etorkizun bat lortzeko gazteak egiten ari diren ahalegina: «Belaunaldi prestatuena dugu, eta gehiegitan ez diegu eskerrak eman, eta ez diegu baliorik eman». Baina belaunaldi oso bati behartu zaio gurasoen etxean egotera ia 30 urte bete arte, eta eskaintzen zaien enpleguak oso baldintza prekarioak ditu.

Industria indartzea, alokairuko etxebizitza eta komunitarioa eskaintzea, eta klima aldaketaren aurkako borrokari transtzio energetikoaren bidez irmo aurre egitea dira EH Bilduk gazteen beharrei buelta emateko planteatzen dituen elementuetako hiru. «Bermatu behar zaie enplegu duina, baldintza egokiekin eta segurua, etxebizitza bat izateko aukera, eta hemen eta orain trantsizio energetikoari heltzea, planeta ahalik eta baldintzarik egokienak izan ditzan», bukatu du Larrionek.

Bestalde, Ruiz de Larramendik salatu du «elite ekonomiko eta politikoek» saltzen dutela «gazteria sumiso eta pasibo baten irudia». EH Bilduko hautagaiaren aburuz, irudi faltsua da, eta ez dator bat euren auzoetan, prekarietarean aurka edo ikastetxeetan gogotsu lan egiten ari diren gazteen benetako egoerarekin.

Ruiz de Larramendik uste du haizeak alde jotzen duela orain, eta aukera handiak daudela Gasteizen aurrera egiteko. «Orain dugu aukera. Maiatzaren 26an argi geratuko da noren alde dagoen gazteria aktiboena eta politizatuena, boto gazte eta errebeldea EH Bildurena delako», argudiatu du.

 

Larrionek Gasteiz berrikuntzaren hiri bezala bultzatuko du, Arana Ekosisteman egingo diren jardueretan oinarrituta

Espazio berriak erraztuko du lanpostu eta negozio berriak sortzea eta garatzea, etorkizun handiena duten sektore ekonomikoetan

| 2019-05-17 12:30:00

EH Bilduko alkategai Miren Larrionek azpimarratu du gaur koalizioaren apustu nagusia Gasteizko industriaren oinarria indartzea dela, hiriaren etorkizuna bermatzeko bide modura. Industriak aurrez aurre dituen erronka globalen aurrean, Larrionen helburua da profesionalei eta enpresei bidea erraztea aldaketa horietara egokitzeko, Gasteiz berrikuntzaren gune bat izan dadin, ekonomia jasangarri batean begirada jarrita.

Arana Ekosistema sortzea izango da berrikuntza sustatzeko tresna nagusia. Antzinako Arana erresidentzian eta ondoko parkean kokatutako espazioa izango da, udalerriaren berrikuntza sozial eta ekonomikoa sustatzeko, ikuspuntu jasangarri eta etorkizunera begirako batetik. Ideia eta enplegu aukera berriak garatzeko lekua izango da, baina, aldi berean, hiritar guztien gozamenari irekiko zaio, parkeari eutsita.

Proposamenak Gasteizko ni nortasun ikur handienak bateratu nahi ditu. «Alde batetik, hiri industriala, aberastasuna eta enplegu egonkorrago eta hobeto ordaindutakoak sorten dituena. Bestetik, hiri berdea, Green hiriburua, orain urrats bat gehiago egin, eta trantsizio energetikoari ekin behar diona», argudiatu du Larrionek.

Koalizioak inspirazioa eta ideiak bilatu ditu mundu osoan martxan dauden proiektuetan. Besteak beste, aipagarriak dira Bordeleko (Frantzia) Darwin Ecosysteme, eredugarria zaharberritze eta konpromiso jasangarriaren ikuspuntutik. New Yorkeko (AEB) NewLab, ekintzaileak, ikertzaileak eta erakundeak batuta ideia eta erabilpen teknologiko berrien sustatzaile bihurtu dena. Edo Varoshaza udako parkea Budapesten (Hungaria).

Arana ekosistemak gutxienez bost alor edo erabilera proposatu ditu antzinako egoitzaren eta parkearen inguruan, esparru ekonomiko edo sozial ezberdinekin lotuta daudenak: enplegua eta berrikuntza, elikagaien sektorea, eta aisialdia. Zehazki:

  • Partekatutako lanerako zonalde bat (Co-working).

  • Fabrikazio laborategi bat.

  • Gastronomia eta elikadura hurbil eta ekologikorako gune bat.

  • Jolaserako zonalde estali bat, skatepark batekin

  • Aisialdirako zonalde bat inguruan parkea baliatuta.

Arana ekosistemaren erdiguneak zerikusia du enpleguarekin eta enpresa ideia berrien sorrerarekin. Lehen elementua partekatutako lanerako (co-working) zonaldea da. Lantokia, sorkuntza eta ikerkuntza izatea bilatzen dugu, aldi berean izango dena enpresen hazitegia eta start-up ereduak bultzatuko dituen lekua.

Aranako bihotza fabrikazio laborategia da. Etxe berri bat izango da hiriko sortzaile, ikertzaile era ekintzaileentzako. Ideiak eta aukera berriak sortzeko eta garatzeko espazio bat, eta topaleku bat enpresak, langileak, ikasleak eta ikertzaileak elkarlanean aritzeko.

Arana ekosistemaren bigarren helburu nagusia da narratiba sozial berriak erraztea, adin eta interes ezberdinak dituzten Gasteizko auzotar guztiei topaleku bat eskainita, berreskuratuko diren espazioei esker. Besteak beste, elikadura jasangarrian oinarritutako gune bat izango du, jarduerak programatzeko atrio estali bat, eta baita ere eraikin nagusia inguratzen duen gune berdeari eusteko eta modernizatzeko erreforma bat.

«Azken finean, nahiko nuke Arana ekosistemarekin Gasteiz jartzea hiri aurreratua izateko behar duen bidean, erakundeen arteko lankidetzaren bidez, eta baita ere baliatuta hirian daukagun goi hezkuntza sistema bikainarekin sor daitezkeen sinergiak», nabarmendu du alkategaiak.

Larrionek Salburuaren eta Zabalganaren ahanzturarekin amaitzea eta behar duten zerbitzuak ematea defendatu du

Alkategaiak salatu du EAJk eta PPk trena lurperatzeko proiektutik atera dituztela bi auzo horiek, eta ez dio uko egingo bietara zabaltzeari

| 2019-05-16 20:00:00

EH Bilduk ekitaldia egingo du gaur arratsaldean Salburuko auzoan. Aurretik, koalizioko alkategaiak, Miren Larrionek, gaitzetsi du legealdi honetan hala Salburuak nola Zabalganak jasan duten ahanztura, eta ziurtatu du asmoa baduela bi auzoetan ekipamenduak eta zerbitzuak hobetzeko behar diren inbertsioei heltzeko. «Pertsona guztientzako eskubide guztiak dituen hiria nahi dugu, eta horrek esan nahi du baita ere ezin dela egon lehen eta bigarren mailako auzorik, zoritxarrez azken aldian gertatu den bezala», azaldu du Larrionek

Egoera horren adibiderik garbiena EAJk eta PPk babestu duten trena lurperatzeko akordioarekin gertatzen da, Salburua eta Zabalgana osorik, 40.000 auzotar, proiektutik kanpo utzi dituen ituna. Hautagaiak ohartarazi du erabaki horren ondorioa zein izango den bi auzoentzako: «2012ko proiektuak aurreikusten zuen bi auzo horietan trenbideak desagertuko zirela lurrazaletik. Orain, itunetik atera dituzte. Ez baditugu sartzen, lurperatzeari nola batu argituko duen proposamen garbi baten bidez, berriro ere aukera bat ireki arte hamarkadak igaro daitezke». Auzotarrek argi utzi dute euren apustua badela gaur egungo trenbidearen zauria ixtea.

Bi auzoetan behin eta berriro entzun dira kexak ahanzturagatik eta ekipamendu faltagatik. Besteak beste, Salburuan Errekabarri ikastetxea martxan jartzeko atzerapen ugari egon dira, familiei agindutako epemugak errespetatu gabe. Bigarren hezkuntza ikastetxe bat martxan jartzeko proiektua, auzoko gehiengo baten eskaera, ez da hasi ere egin.

Bi auzoetan, baina bereziki Zabalganan, trafikoak eragindako segurtasun falta eta istripuak arazo larria izan dira azken urteotan. Larrionek aurreratu du bere borondatea dela auzotarren eskaerei berehalako erantzuna ematea, trafikoa baretzeko neurriei dagokionean.

Azkenik, alkategaiak azpimarratu du bere konpromisoa dela hiriko ekialdea eta mendebaldea, Salburutik Zabalganara eta Jundizera, lotuko dituen garraio sistema publiko, moderno eta edukiera handikoa eraikitzeko, eta gogoratu du koalizioaren proposamena dela Gasteizko auzotarrei erabakitzeko aukera ematea autobus elektriko adimenduaren eta tranbiaren artean, hirian inoiz egingo zatekeen lehenbiziko galdeketa hiritarrean.

EH Bilduk bide orria aurkeztu du Gasteiz karbonoan neutroa izateko 2040. urtean eta 20.000 enplegu berde sortzeko

Lehen legealdiko helburua izango da Gasteizko udalaren argindar kontsumoaren %100 iturri erabat berriztagarrien bidez eskuratzea

| 2019-05-15 12:37:00

Gasteizko EH Bilduko alkategaiak, Miren Larrionek, Gasteiz Zero Carbon 2040 dokumentua aurkeztu du gaur. Agiriak jasotzen du koalizioak proposatu duen bide orria klima aldaketaren aurka borrokatzeko eta trantsizio ekologiko osoa egiteko, karbono isurketetan neutroa den hiri bat lortu arte. Larrionekin batera, aurkezpenean parte-hartu du Ulrik S. Kohl-ek, urbanista berde eta Kopenhageko Udaleko zinegotzi ohiak. Kopenhage Karbonoan Neutroa 2025 planaren eta trantsizio berdearen proiektuaren arduradunetako bat izan da Kohl.

Mundu guztiak klima aldaketari buruz hitz egiten duenean, pausu irmoak ematea ezinbestekoa da. Hamarkada honetan ez badugu energia politikan aldaketa erradikal bat egiten, planeta osoa eta geure hiria biziezinak bihurtuko dira. «Zientzialariek ohartarazi digute, eta Europa osoko gazteei entzun diegu kaleetan: aldatzeko unea da. Erronka globala da, baina tokian tokikoa ere bai. Geurea epe ertain-luzerako proiektua da, eronkari heltzeko handinahitsua, ezin dugulako denbora gehiago itxaron», zehaztu du Larrionek.

Gasteizek baditu baldintzak trantsizio energetikoari aurre egiteko, eta lortzeko hiriaren energia hornidura %100 berriztagarri nahiz karbono isurketa kutsagarrietan neutroa izatea. «Trantsizioaren oinarriak dira autokontsumoa, energiaren kudeaketa publikoa, eta hiritarren parte-hartzea. Berriztagarrien gordailu bat dugu aurrez aurre», alkategaiaren hitzetan. Energia berriztagarria lortzeko tresna nagusia teilatuetan kokatutako panel fotovoltaikoak izango dira.

Bide orriak hainbat mugarri ezarri ditu. Lehenbiziko legealdian, hain zuzen ere, Energia Berriztagarrien Udal Agentzia sortuko da, eta 2023. urterako lortu nahi da udalaren argindar kontsumoaren %100 autokontsumo berriztagarriaren bidez eskuratzea. Tokiko biomasaren bidez beroa banatzen duten lehen sistemak (District Heating) zabalduko dira, Koroatze eta Ariznabarra auzoetan.

2030. urterako xedea da Gasteizko argindar kontsumoaren %100 beriztagarria izatea, eta auzoen erdiek izatea District Heating sistemak martxan. Gainera, 20.000 etxebizitzetan zaharberritze energetikoak egitea aurreikusita dago. Azkenik, 2040. urtean lortuko litzateke hiriaren energia kontsumo guztia iturri berriztagarrien bidez betetzea, eta karbonoan neutroa den hiria, District Heating sistemak auzo guztietan barreiatuta, eta 30.000 etxebizitza zaharberrituta.

«Proiektua aukera sozioekonomiko argia da. Inbertsioak erabat errentagarriak dira, eta amortizazio garbiak dituzte laburrera begira eta epe ertainera», azaldu du Larrionek. Lehenbiziko legealdian asmoa da 125 milioi euroko inbertsioak mugiaraztea, eta 3.000 milioi eurotik gora 20 urtetan. EH Bilduk kalkulatu du posible dela 20.000 enplegu berde sortzea datozen bi hamarkadetan: «Orain da unea. Bada garaia Gasteizek berriro ere begira dezan Europako ingurumen abangoardian dauden hirien ispiluan. Hiriaren Green espiritua biziberritzeko unea da».

Kopenhageko adibidea

Koalizioak trantsizio energetikoari ekin dioten herrialde aurreratuetako hainbat eredu aztertu ditu. Bereziki, Kopenhagen garatu dutena. Aliantza Gorriko zinegotzi ohi Ulrik Kohl-ek bere esperientzia azaldu du Gasteizen. «Kopenhageko adibideak agerian uzten du eredu energetikoan aldaketa erradikal bat egitea errealista eta beharrezkoa dela. Trantsizio berdeak ahalegin handiak eskatzen ditu, baina itzelak dira osasunean eta ingurumenean lortzen diren etekinak, eta milaka milioi euro aurreztea ahalbidetzen dute».

Kohlen aburuz, Gasteiz Zero Carbon 2040 planak «bisio egokia du eta handinahitsua da, eta Gasteizek enplegu berdeak sortzeko eta energia berriztagarrietan buruaskia izateko daukan potentzial erraldoia islatzen du».

Estrategia agroalimentarioa

Bestalde, EH Bilduren ordezkariak Arespaldizako San Isidroko azokan egon dira gaur. Bertan, Arabako Ahaldun Nagusia izateko EH Bilduren hautagaiak estrategia agroalimentarioa defendatu. «Gaur bezalako egun batean, EH Bilduren bertan ekoiztu eta transformatutako elikagaiak defendatu nahi ditugu osasuntsuak izatez gain, lehen sektoreko etorkizuna hortik etorriko delako», azpimarratu du Kike Fdez. De Pinedok.

Berarekin batera, Aiarako eta Lur Jareetako Zerrendaburuak egon dira, Ainhize Solaun eta Eva Lopz de Arroyabe egon dira. «Natura zainduz, kalitatezko elikagaiak eskuratzeko eskubidea eta baserritarren bizi- zein lan-baldintza duinak bermatzeko xedea duten politikak. Instituzioetatik nekazaritza sektorea bera indartzea eta eraldaketarako aukerak eskaintzea sekula baino garrantzitsuagoa dela uste dugu», gaineratu dute.

Hamarkada luzeotan lurrak suntsitu dituztela gogoratu dute. Zentzu horretan, nekazaritza eta kalitatezko elikagaien sorreraren defentsan apustu garbia egin dute. «Bertako beharrak asetzeko, herriz herri eta eskualdez eskualde nekazaritza iraunkorra eta elikadura burujabetza sustatzea da gure helburua», esan du Kike Fdez. De Pinedok.

 

 

ALBISTEAK

EH Bilduk %40tik gora merkeagoa den alternatiba ezagutzera eman du Amerika Latina biribilgunean

2021-03-29 11:41:00

Prentsari egindako filtrazio interesatuak informazio-azterlanak aurkezten dituen bi aukeretako bat baino ez zuen aipatzen, eta, hain zuzen ere, bietan garestiena zen.

EH Bildu-k 'San Prudentzio Bizirik!' ekimena aurkeztu du, San Prudentzio CIAM-en adinekoei arreta emateko 70 plaza berri sortzeko

2021-03-18 09:54:00

EAJ-ren eta PSE-ren gobernuek enplegua suntsitzen ari diren honetan, EH Bildu-k CIAM-eko plantilla indartzea aurreikusten du bere proposamenean, 50 profesional baino gehiago kontratatuz, laguntzaileen, erizainen eta administrarien artean.

EH Bilduk espero du hauxe izatea Gasteizek bere garbiketa zaborren multinazional baten esku utziko duen «azken aldia»

2021-03-16 14:51:00

Villalba: «Urteak daramatzagu enpresen irabazi asmoan oinarritutako sistema bati lotuta, non garbiketa edo lan baldintzak beti bigarren maila batean geratzen diren. Gehiengoa badago udal honetan %100 publikoa izango den sistema batera aldatzeko»

EH Bilduk Iradier Arenan inbertitzeko eskatu dio Udalari, erabileraz betetzeko

2021-03-15 13:17:00

Lopez de Aberasturi: "Egungo egoerak agerian uzten du EH Bilduk urtebete baino gehiago daramana eskatzen: bide orri baten beharra kultur azpiegituretan, Iradier Arena berritzetik eta egokitzetik hasita".