AKTUALITATEA


| 2025-07-15 10:42:00

EH Bilduk mozio bat eramango du ostiral honetako udalbatzara, Gasteizek auzo konpostatze puntuen sarea zabaltzea eskatzeko eta hondakin-sortzaile handiek ere konpostatze-programan parte hartzeko baliabide material nahikoak jar ditzaten eskatzeko. Ekaitz Diaz de Garayo EH Bilduko zinegotziak mozio hau aurkeztu du eta adierazi duenez: «biohondakinen kudeaketan jauzi kuantitatibo eta kualitatibo bat emateko unea da. Horretarako, konpostatzea sustatzeko kanpaina bat jarri nahi dugu martxan, herritarrei zuzendutakoa, bai, baina baita hondakinen sortzaile handiei ere, eta guztiei beharrezko prestakuntza eskaini nahi diegu konpostatzerako udal programan parte hartzeko».


EH Bilduren iritziz, beharrezkoa da konpost komunitarioko azpiegituren sarea zabaltzea eta handitzea, hiri osoan bost puntu baino ez baitaude horretarako. Gainera, «ahalegin berezia egin beharko litzateke hondakin sortzaile handiek programarekin bat egin dezaten, adibidez, eskoletatik hasita, hondakin sortzaile handiak direlako eta, etorkizunari begira, hondakinen kudeaketan praktika edo ohitura berriak gazteenen artean zabaltzeko balioko lukeelako», adierazi du Diaz de Garayok.


Izan ere, zinegotziaren arabera, Gasteizek 95.000 tona hondakin sortzen ditu urtero, eta horietatik %62 nahastutako hondakinak dira, hau da, ia 60.000 tona erabat nahastutako hondakinak dira. Horrek esan nahi du udalerria, gaur egun, urrun dagoela apirilaren 8ko 7/2022 Legeak 2035. urterako ezarritako hondakinen bilketa bereiziaren %50etik.


Hala ere, atal organikoari dagokionez, txartel bidezko irekiera duten edukiontziak ezarri zirenetik, bildutako biohondakinaren kalitatea nabarmen hobetu da, eta soberan gainditu ditu, kalitateari dagokionez behintzat, legeak ezartzen dituen gutxienekoak. Adibidez, 2023an 4.000 tona bildu ziren, sortzen ditugun hondakinen %4,4. Beraz, badago hobetzeko tartea, baina badira jatorrian hondakin organikoa ondo bereizten duten herritarrak ere.


Horrela, EH Bilduren ustez, prozesu honek arrakasta izan behar badu, beharrezkoa da gizartearen eta erakundeen arteko elkarlana, egoera gizarteratzeko ahalegin berezia eginez, ditugun erronkak partekatuz eta, jakina, horretarako beharrezkoak diren bitartekoak jarriz. Horren adibide da, EH Bilduren ekimenez, Ordenantza Fiskalen akordioan hondakinen tasan%20ko hobaria ezarri zela biohondakinak prebenitzeko udal programetan izena emanda dauden etxebizitzetarako, bai banakako konpostajean, bai komunitarioan.