Gasteizko Udalak lizitaziora atera du lehen harrerako dispositibo baten proiektu pilotuaren kudeaketa integrala. Udalerrira iritsi berri diren migratzaileei arreta emango dien bulego ibiltaria da, eta entzute, orientazio eta laguntza zerbitzua emango die.
Arreta udal espazioetatik emango da, hiriko hiru puntutan, bizilagun berriak Gasteizko edozein auzotatik joan ahal izan daitezen.
Proiektu pilotu horrek hamaika hilabeteko indarraldia izango du, eta oinarrizko lau jarduketa ildo ezartzen ditu: informazioa biltzea eta sistema eguneratua konfiguratzea, arreta pertsonalizatua, informazio saioak eta ibilbide gidatuak, eta hizkuntza ofizialetara hurbilketa.
Ekimenak 68.888 euroko aurrekontua du (BEZa barne), udal gobernuak eta EH Bilduk 2025ean lortutako aurrekontu akordioari esker.
Pascual Borja Bizikidetza eta Aniztasuneko zinegotziak nabarmendu duenez, “Gasteiz harrera hiria da, bizikidetzaren aldeko apustua egiten duen hiri irekia, eta jatorri desberdinetako pertsonak behar ditu aurrera egiteko. Proiektu berritzaile honekin, bizitza hobearen bila gure udalerrira iristen diren pertsonei arreta emateko tresna bat dugu”.
Alberto Porras EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, “ekimen hau aurrekontu akordioan sartu dugu, EH Bildutik defendatzen dugun harrera hiri hori benetan lortzeko tresna errealak eta praktikoak eskaini nahi ditugulako. Gasteizera iritsi berri diren pertsonei auzoetako jarduera komunitarioan sartzen lagundu nahi diegu. Eta haien beharrei modu pertsonalean erantzun ahal izango zaien eta inklusio prozesuak elkarrekin diseinatu ahal izango diren espazio fisiko baten bidez egin nahi dugu”.
Ekimenaren helburua da erakustea bizikidetza dela pertsona guztiek betebehar eta eskubide zibil, sozial eta kulturalez gozatu ahal izateko gakoa, Gasteizko bizilagun guztien ezagutzan eta aitorpenean oinarritutako aukera-berdintasunaren printzipioari jarraiki. Horrela, aniztasuna gure gizartearen bereizgarri eta gizarte-egituraren aberasgarri dela aitortzen da.