Gasteiz

EH Bilduk alkatearen ezohiko eta premiazko agerraldia eskatu du, hiriaren garbiketa kontratuaren egoera argitu dezan

Miren Larrion EH Bilduko bozeramailea: “Urtarani berriro ere adarra jo diote berriro ere, eta zaborren kartelak hiriari ezartzen dion xantaian erortzen ari da"

| 2019-12-02 08:53:00

EH Bilduk Gorka Urtaran alkatearen ezohiko eta premiazko agerraldia eskatu du datorren astearteko Klimaren Aldeko Ekintzaren Batzordean. Miren Larrion buru duen alderdiak hiriko garbiketa zerbitzuaren kontratazio prozesuaren inguruko azken gertaerei buruzko azalpenak eskatuko dizkio alkateari.

«Urtaranek kosta ahala kosta lizitazio hau atera nahi izan zuen legealdiaren amaieran, korrika eta presaka, eta orain aurpegian eztanda egin dio. FCCrekin kontratua hautsita zegoela esan zitzaigun duela urtebete, baina FCCk jarraitzen du kobratzen eta nahi duena egiten. Alkateaz barre egiten ari dira, eta, okerragoa dena, Gasteizko hiritarrez barre egiten dute», adierazi du Larrionek.

Aipatutako prozesura aurkeztu ziren hiru enpresetatik bakar batek ere ez zituen betetzen baldintza-agiriko baldintzak. Orain, udal gobernuak, egoera horren aurrean, garbiketa-kontratua berriro lizitaziora ateratzeko borondatea erakutsi du.

Hala ere, EH Bilduk bere hasierako jarrera berretsi du eta berriro ere eskatu du Gasteizko garbiketa zerbitzuaren bermunizipalizazioa. Miren Larrionek adierazi duenez, “hondakinen kudeaketa eredua aldatzen ez dugun bitartean, zaborraren multinazionalen kapritxo eta asmoen menpe egongo gara. Nahikoa da iraganeko akatsak errepikatzearekin. Gertatukoak berresten du EH Bilduk beti defendatu duena: badela garaia bermunizipalizazio prozesu bati ekiteko, modu serio eta ordenatu batean”.

 

EH Bilduk aurrekontu proposamen eraldatzaile, aurrerakoi eta berritzailea aurkeztu du

Miren Larrion, EH Bilduko bozeramailea: “Larrialdi klimatikoari erantzutea da gure proposamenaren helburua, eredu sozialago eta feministago baterantz aurrera egitea eta Gasteiz berdintasunezko hiri solidario eta zaintzaile bihurtzea”

| 2019-11-28 11:41:00

EH Bilduk pertsonen zaintzan oinarritutako eta larrialdi klimatikoari erantzuna emango dion aurrekontu proposamena aurkeztu du. EH Bilduren planteamendua ikuspegi aurrerakoia eta berritzailea ekartzean datza eta legealdi osorako planteamendua da, hori baita, hain zuzen ere, gobernuaren aurrekontu-proposamenari falta zaiona. Izan ere, 2020rako proiektu berritzaile bakarra BRT-a da, EH Bildu eta udal gobernuaren arteko akordio batetik abiatu dena.

EH Bilduren proposamena hiru bloke handitan banatzen da. Lehenengoa, larrialdi klimatikoari erantzuna ematean oinarritzen da, eraldaketa eta berrikuntza lerro bat sortuz, ekonomiaren deskarbonizazioan eta kalitatezko lanpostuen sorreran lerrokatutako enpresa, azpiegitura eta berrikuntzarako inbertsioak finantzatzeko. Inbertsio hori 2 milioi eurotik gorakoa litzateke.

Horrez gain, Eraldaketa Berdearen Funtsaren partida bat sortzea proposatzen du EH Bilduk, karbonoan baxuak diren energia berriztagarrietarako, garraiorako, biodibertsitaterako eta ingurumena lehengoratzeko, ia 2 milioi eurokoa. Proposamenak Energia Berriztagarrien Planera bideratutako partida handitu beharra dagoela jasotzen du, bai eta Hegoaldeko ibaien eta Larragorriko proiektua eta biodibertsitatearen kontserbazioa kontuan hartzen dituzten partida berriak gehitu ere.

Mugikortasun iraunkorra EH Bilduren lehentasunetako bat da, mugikortasun segurua, eskuragarria, osasungarria, eraginkorra, ekonomikoki bideragarria eta kutsadurarik gabekoa. Hori dela eta, Miren Larrion buru duen alderdiak bidegorrietan inbertitzearen aldeko apustua egin nahi du, trafikoari kalte handia egiten dioten puntuei irtenbidea emanez –Latinoamerikako eta Esmaltazioak biribilguneak, adibidezeta Superetxadien aldeko behin betiko apustu integrala egiteko.

EH Bilduk proposatu duen bigarren ildoa soziala da: Gasteiz berdintasunezko hiria, solidarioa eta zaintzailea izatea. EH Bilduk aurre egin nahi die gobernuak Emakumeen Etxerako eta LGTBI Behatokirako aurrekontu-partidetan planteatzen dituen murrizketei, eta aldez aurretik hartutako konpromisoak betetzeko eskatu dio gobernuari, hala nola, Gasteiz Hobetuz programarako milioi eta erdi euro bideratzearena, edo udal-aurrekontuaren %1a Garapenerako Lankidetzarako erabiltzea. Horrez gain, EH Bilduren nahietako bat Gasteiz hiri zaintzaile baten bihurtzea da, Gasteiz osatzen duten pertsonei lehentasuna emango diena. Horrela, EH Bilduk lehentasuna emango dio adinekoentzako tutoretzapeko etxebizitzak eskuratzeko itxaron-zerrendak murrizteari, zaintzaileei laguntzeko programa bat ezartzea proposatzen du eta etxez-etxeko sukalde eredu berri baterantz aurrera egitea bilatuko du.

Hirugarren lan-ildoak pertsonengan jartzen du arreta berriro ere, haien beharrei erantzuteko, baina, horrez gain, haien bizitegi-premiak konpondu nahi ditu, bai eta hirian jada eraikitako azpiegituren aldeko apustua egin ere. Azken batean, hiria suspertzea, biziberritzea eta berrasmatzea bilatzen du, 4 milioi eurotik gorako zuzkidura duten partida batzuen bitartez. Hiria suspertzea bilatuko du ere EH Bilduk, etxebizitzen birgaitzerako laguntzak eta Gasteizko auzoetan birgaitze-planak sustatuz, hiriko Alde Zaharra bereziki kontuan hartuz -gabezia eta premia nabarmenak baititu-. Hiria biziberritzea da beste asmoetako bat, etxebizitza-parke bat sortuz eta gazteentzako etxebizitza komunitarioa sustatuz. Azkenik, hiria berrasmatzea bilatzen du EH Bilduk, dagoeneko eraikita dauden kultur azpiegiturak aprobetxatuz.

Etxebizitzak Birgaitzeko Laguntzen 2018ko Araua beste urte batez luzatzea eskatuko du EH Bilduk

Datorren 21 Zabalguneko Kontseiluan EH Bilduk 2,5 milioi euroko dirukopurua luzatzeko eskatuko du, Gasteizko etxebizitzen birgaitzean berehala inbertitzeko

| 2019-11-26 11:47:00

EH Bilduko kontseilariek 21 Zabalguneko hurrengo bileran eskatuko dute Gasteizen etxebizitzak eta egoitza-eraikinak birgaitzeko laguntzak arautzen dituen araua bera luzatzeko, sozietate publikoak orain arte aurkeztu diren eta izapidetu gabe geratu diren laguntza-eskaerei aurre egin ahal izan izateko. Guztira, 2,5 milioi euroko diru-kopurua izango da.


EH Bilduk bere kezka azaldu du zenbait tokitan etxebizitzen narriadura oso agerikoa delako. Horregatik, EH Bilduk Gasteizen hain beharrezkoak diren  birgaitze-laguntzetan inbertitzearen alde egiten du. Hala ere, eta koalizioak planteatzen duenaren oso alderantziz, ez zaio arazoari irtenbidea bilatzen ari, eta, are gehiago, 2019an ez da birgaitzerako laguntza-lerro bat onartu. Felix Gonzalez EH Bilduko zinegotzi eta 21 Zabalguneko kidearen ustez, "onartezina" da laguntza horiek desagerraraztea, "ezin da urtebete bakar bat ere igaro Birgaitzeko Laguntzen Araua onartu gabe, irtenbidea eman behar zaio hiriko etxebizitzen narriadurari, eta 21 Zabalguneak ezin die bizkarra eman herritarrei".

Hala ere, EH Bilduren ustez, are larriagoa da gobernuak herritarren zati bati eman dien tratua. Hilabete pasatxo igaro da prentsak Gorka Urtaran alkatearen argazkiak jaso zituenetik Iñaki Gurtubai alkateordearekin batera Dato kaleko 8. zenbakiko etxebizitza blokea husten ari zirela bizilagunei eskainitako atentzioa islatzen zutenak. Irudi hori ez zen errepikatu duela bi urte Santo Domingo kaleko blokea hustu zutenean, ezta Aiztogile kalean ere, aste honetan bertan emandako gertakarien harira.

Alkateak herritarrak modu desberdinean tratatzea, lurperatzearekin eta hiriaren inguruko auzoetako bizilagunekin ikusi ahal izan dugunez, ez da inolako berritasunik. Hala ere, hala izateak ez dio larritasuna kentzen auziari. Izan ere, kasu honetan, alkatea zabalguneko bizilagunekin bildu da egoerak hala eskatu duenean, baina ez du berdina egin Alde Zaharreko bizilagunekin.

21 Zabalguneak berriki berritu zituen Sozietatearen Estatutuak, eta horietan honako helburu hau jasotzen zen: "Udalak bere birgaitze-politika garatzeko agintzen dizkion proiektuak edo programak kudeatzea edo ekintzak gauzatzea" eta, bere eginkizunen artean, "Hiri-birgaitzearen, -birsorkuntzaren eta -berrikuntzaren arloan sustapenekintzak garatzea -partikularrei zuzeneko diru-laguntzak eta laguntzak ematea barneeta partikularrekin, enpresekin, organismoekin eta administrazio publikoekin hitzarmenak egitea, beren eskuduntzen barruan”.

Helburu hori lortze aldera, 2012. urtean Laguntza-Arau bat egin zen 2016, urtera arte indarrean egon zena. Urte horretatik aurrera, Administrazio Kontseiluko kideen lankidetzari esker, aipaturiko Araua etengabe hobetzeko programa bat ezarri zen, eta horrek ekarri du urtez-urte arau berri bat onartzea.

Alabaina, 2019an ez da onartu 'Gasteizen Etxebizitzak Birgaitzeko Laguntzak Arautzen dituen Araua', eta horren ondorioz, aurkeztu diren laguntza-eskaerak izapidetu gabe geratu dira. EH Bilduk, 21 Zabalgunearen inguruko azken gertaerak egiaztatu ondoren, sozietate publikoa modu ordenatuan desegitearen aldeko apustua berretsi du. Hala eta guztiz ere, eta jardunean dagoen bitartean, sozietate publikoari Gasteizen etxebizitzak eta
egoitza-eraikinak birgaitzeko laguntzak arautzen dituen 2018ko araua luzatzeko eskatzen dio, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorio eta urte honetarako 2,5 milioi euroko zuzkidurarekin.

EH Bilduk dagoeneko eraikita dauden kultur azpiegituren aprobetxamenduan oinarritutako bide-orria aurkeztu du

Iradier Arena eraberritzearen aldeko apustua egin du EH Bilduk, horri jarduera itzuliz eta bere eraberritzea aprobetxatuz Printzipal Antzokiko programazioa ere har dezan honetan eraberritze lanak egiten diren bitartean

| 2019-11-20 12:10:00

Euskal Herria Bilduk dagoeneko eraikita dauden kultur azpiegiturak birgaitzeko plan bat aurkeztu du, azpiegitura horien aprobetxamendua lehenetsiz gobernuak eraikitzen jarraitzeko duen irrikaren aurrean. EH Bilduko bozeramailea den Miren Larrionek ezinbestekotzat jotzen du Iradier Arena birgaitzea, orain "erabilera gabea" bihurtu den espazioa, eraiki aurretik aurreikusiten zen "erabilera anitzeko" espazioa izan dadin berriro ere; eta, bide batez, Printzipal Antzokia birgaitze lanetan dagoenean, honek hartu beharreko emanaldiak Iradier Arenak har ditzan.

Dagoeneko eraikita dauden espazioak lehenetsi behar direla defendatu du Gasteizko Udaleko EH Bilduren bozeramaileak. "Ezin dugu kultur azpiegiturak eraikitzen jarraitu jada eraikita daudenak hiltzen uzten ditugun bitartean. Eraberritu dezagun Iradier Arena, bizitzaz eta ekintzaz bete, eta Printzipal Antzokiaren programazioa hartzeko ere prestatu dezagun hau eraberritze lanetan dagoenean. Ondoren, bi espazio eszenikoak ditugunean, Auditorio bat eraikitzea beharrezkoa den ala ez baloratuko dugu", adierazi du Larrionek.

Hain zuzen ere, Auditoriumaren proiektuak zalantza ugari sortu ditu, ez bakarrik proiektuaren premia zalantzagarriagatik, baita trenbideen ondoko lursail batean planteatzen den kokapenagatik ere. Horrez gain, balizko irregulartasun batengatik zalantzak sortzen dituen esleipena ere kezkagarria da, eta, ezin da ukatu, kutxa eszenikorik gabe planteatzeak sortzen duen zalantza bera ere. Felix Gonzalez EH Bilduko zinegotziak ezbaian jarri du proiektuaren prozedura bera: "Gobernuak planteatzen duen prozeduraren arabera Printzipal Antzokiaren erreforma eta Audiotoriumaren eraikuntzak bat etorriko lirateke. Ez dute argitu zein espaziok edo antzokik hartuko duen programazio hori. Hori dela eta, EH Bilduk ibilbide-orri bat proposatu du, beti espazio eszeniko egoki bat bermatuko duena eta dagoeneko eraikita dauden azpiegituren aprobetxamenduan oinarrituko dena".

Horrela, Miren Larrion EH Bilduko Gasteizko bozeramaileak ateak zabalik utzi ditu Printzipal Antzokia eraberritzeko hiru aukera posibleak berriro aztertzeko, oraingoan Iradier Arenako erreforma kontuan hartuta. "Iradier Arenarentzat aukera berri bat ireki da,"erabilera gabea" izatetik kultur emanaldiak hartzera igaroko litzatekeena, eta horretarako ere kutxa eszeniko bat izatea planteatuz. Horrela, etorkizunean kultur programazioa Iradier Arena eta Printzipal Antzokiaren artean bana liteke", zehaztu du Miren Larrionek.

EH Bilduk udal osoko bilkuraren adierazpen argia nahi du, hiriaren hegoaldean eraikuntza gehiago ahalbidetzearen kontra

Larragorri Parkea martxan jartzea eta eraztun berdea zabaltzea ahalik eta gehien bizkortzeko eskatuko dio alderdiak udal gobernuari

| 2019-10-31 12:47:00

EH Bilduk mozio bat aurkeztuko du azaroko udalbatzan, Olarizu eta Armentia artean etxebizitzak eraikitzeko aukera aztertzeko. Alderdiaren iritziz, errotik moztu behar da lurzoru horren etorkizunari buruzko edozein espekulazio, gaur egun urbanizaezina dena, baina hiriko sustatzaile talde bat atzetik duena.

Udal gobernuak gutxi barru Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren berrikuspenaren aurrerapen dokumentua argitaratzea aurreikusten du. 'HAPOren berrikuspena ireki bezain pronto, eragile espekulatzaileen lehen proposamenak agertu dira, berdeguneak edo nekazal erabilerakoak urbanizagarri izatera pasatzea helburu dutenak ', ohartarazi du Felix Gonzalez udal taldeko zinegotziak.

2003ko plangintzan 60.000 etxebizitza egiteko lurzorua egokitu zen. Horietatik 30.279 eraiki gabe daude gaur egun. Gainera, gutxi gorabehera, 10.000 etxebizitza hutsik daude. "Hamarkadetan beharko ditugunak baino etxebizitza gehiago dira, argi eta garbi", azaldu du Gonzalezek. Espekulazioaren eta higiezinen eroaldi hark ondorioak ditu gaur egun: Salburua eta Zabalganako eremuetan oso dentsitate txikia duen hiria. "Batzuek badirudi ez dutela ezer ikasi, eta eredu hura errepikatu nahi dute irabazi pribatuen bila", salatzen du zinegotziak.

Ildo horretan, EH Bilduk proposatuko du udal osoko bilkurak lurzoru berde edo nekazaritza lurzoru gehiago ez kontsumitzearen aldeko apustua berrestea, bereziki Gasteizko hegoaldeari dagokionez, eta, horrela, eraikitzaileen asmoei atea itxiz.

Eraiki nahi den gunea bereziki kritikoa da ingurumenaren ikuspuntutik. Larragorriko parkea Lasarteko legar-hobietan proiektatuta dago, hegoaldeko ibaien uholdeak saihesteko irtenbide naturala delako, eta Armentia eta Olarizu arteko eraztun berdeari jarraipena emateko balioko duelako. Hori dela eta, mozioaren bitartez Larragorri Parkearen proiektuaren epeak ahalik eta gehien bizkortzeko eskatu nahi dio EH Bilduk udal gobernuari.

Miren Larrion alderdiko bozeramaileak gogorarazi du koalizioak hirigintzan egin duen apustu estrategikoa lehendik eraikitakoa aprobetxatzea dela, eta HAPOren berrikuspenarekin gaur egun plangintzak jasotzen dituen urbanizatu gabeko hainbat sektore desklasifikatzeari ekin behar zaiola, hala nola, S-14 Olaranen eta S-17 San Prudentzio Hegoaldean, besteak beste.

Larrionek defendatu duenez, "Hazkunde eta hedapen mugagabearen ilusioa alde batera utzi behar da, hirigunearen aktibazioan, hutsik dagoen lurzoruaren birprogramazioan, etxebizitza-parke eskasaren berreskurapenean eta erabileren integrazioan eta hibridazioan oinarritutako eraldaketa- eta birziklatze-hirigintza bati lehentasuna emateko". Udal bozeramailearen ustez, hiriaren hedapena egungo mugetatik haratago geldiarazteak "jasangarritasunaren aldeko belaunaldien arteko elkartasun konpromiso baten parte" izan behar du.

ALBISTEAK

Iturritxu kalean 30km/h-ko gehienezko abiadura ezartzea eskatzen du EH Bilduk

2020-11-04 11:55:00

Felix Gonzalez: “Behin eta berriro adierazi dugu Gasteiz 30 Hiria izateko beharra, eta eskari honek indarra hartzen du Iturritxu bezalako kaleetan, non trafiko dentsitatea oso handia den eta kalea auzotar askorentzat pasabide”.

Gasteizen Adinekoentzako Behatokia sortzea eskatu du EH Bilduk

2020-11-03 10:25:00

Rocio Vitero: "Behatoki bat martxan jartzea eskatzen dugu, behar berriak antzemateko, prebentzioan proposamenak egiteko eta zaintzen politiketan hobekuntzak sustatzeko".

TUVISAko autobusen maiztasuna berehala eta premiaz handitzea eskatu du EH Bilduk

2020-11-02 10:00:00

EH Bilduren ustez, Eusko Jaurlaritzak ezarritako irizpideei jarraituz, segurtasun neurriak betetzeko maiztasuna handitzeko unea da. Bestela, EH Bilduk zinegotzi delegatuaren agerraldia eskatuko du.

EH Bilduk salatu du Olarizuko etxebizitzak eraistearen helburua alokairu sozialik aurreikusten ez duten 356 etxebizitzako hirigintza operazio handi bat egitea dela

2020-10-29 09:43:00

Felix Gonzalez: "Urtaranen gobernuak planteatzen duen hirigintza-operazioak eraikuntza-enpresen interesak asetzea du helburu, babestutako etxebizitza eskatzen duten 9.000 pertsonak alde batera utziz eta Etxebizitzaren Euskal Legea urratuz".