AKTUALITATEA


| 2026-06-11 08:46:00

EH Bilduk proposamen bat helaraziko dio ekaineko udalbatzari Gasteizko zinemaren historia balioesteko eta aintzatesteko, hirian zeharreko ibilbide zinematografikoen eta ikus-entzunezkoen bidez. 2026ko azaroaren 1ean 130 urte beteko dira Gasteizen Teatro Circo antzokian, Florida kalean -gaur egun Florida zinemak dauden inguruan-, egindako lehen zinema-emanalditik.


Hori aprobetxatuz, EH Bilduk osoko bilkurari helaraziko dio bere eskaria. «Gasteizen lehen zinema-proiekzioa egin zenetik 130 urte bete direnean, hiria errodajeetarako leku erakargarri gisa finkatu da. Urtemuga hau baliatu nahi dugu Gasteizko zinemaren historia aitortu eta balioesteko programazio espezifiko bat antolatzeko. Hiriak memoria zinematografikoa du, baita lokalizazio ezagunak, lurraldeari lotutako profesionalak eta sortzaileak, eta film, serie eta dokumentaletan agertu den iruditeria propioa ere», adierazi du Aitziber Salazar zinegotziak.

 

Hala, EH Bilduren ustez, Gasteizko zinemaren historia aintzatesteko eta balioesteko programazio espezifikoa kultur eragileekin, tokiko ikus-entzunezko sektorearekin eta hiriko zinema emanaldietarako espazioekin elkarlanean landu beharko litzateke.


Horrez gain, ibilbide zinematografikoen eta ikus-entzunezkoen proiektu bat egitea proposatzen du, hirian egindako filmazioen kokalekuak eta Gasteizko zinemagintzaren historiako espazio garrantzitsuak identifikatu eta balioesteko. «Autogidatutako eta tematizatutako ibilbideen bidez, material fisikoak eta digitalak konbinatuz, mapa interaktiboak, informazio-plakak, QR kodeak zinemari lotutako estetikarekin, audiogidak, multimedia-edukiak, azalpen-liburuxkak eta plataforma digitaletarako, turismo-agentzietarako eta sare sozialetarako sustapen-materialak barne».


Zinemaren esparruan, gora egiten jarraitzen du udalerriaren eta lurralde historikoaren erakargarritasunak, eta hala berresten dute datuek. 2023an, hiria 5 film luzeren eszenatoki izan zen; 2024an, kopuru hori biderkatu egin zen, eta 19 film grabatu ziren, eta horiei film laburrak, telebista-programak, sustapen-bideoak eta telesailak gehituz, 36 ekoizpen egin ziren guztira. 2025ean, Gasteizek eta Arabak 299 egunez filmaketak eta 37 proiektu erregistratu zituzten, horien artean ‘Sacamantecas’, ‘Gaua’ edo ‘The Night House’ luzemetraiak, eta ‘Innato’, ‘Kraken’ edo ‘Girl Taken’ telesailak.



«2026an, argitaratutako informazioen arabera, lehen hilabeteetan 18 proiektu iritsi dira, eta horrek berresten du Gasteizen eta Araban filmatzeko interesa mantendu egiten dela eta beharrezkoa dela ikus-entzunezko produkzioei laguntzeko eta sustatzeko egitura egonkor bat finkatzea», adierazi du Salazarrek. Halaber, gogorarazi du hazkunde hori Gasteiz eta Arabaren ondare-, hiri- eta natura-erakargarritasunari erantzuten diola, baina baita Vitoria-Gasteiz Film Officek urteetan egindako lanari ere.


Hala ere, zinegotziak dagoeneko ohartarazi duenez, «kontua ez da filmaketak erakartzea soilik, baizik eta lan horrek arrastoa uztea, azaltzea, partekatzea eta gure hiri-ondareari, kultura-memoriari eta tokiko ikus-entzunezkoen industriaren jarduerari balioa emateko tresna bihurtzea».

 

 

Zinemari lotutako historia


Gasteizek zinemaren munduarekin duen lotura urteetan landu izan da. Amaya, Azul, Gasteiz, Guridi, Iradier, Mikeldi eta Samaniego zinemak eta Florida zinemak ere memoria zinematografiko partekatu horren parte dira, ez bakarrik filmak erakusteari lotuta, baita Gasteizko hainbat belaunaldiren bizitza sozialari ere.

 

 

Gasteiz eta zinemaren arteko harreman hori ez da soilik zinema-emanaldira mugatzen. Azken hamarkadetan, hiria eta lurraldea eszenatoki, erreferentzia edo inspirazio izan dira ekoizpen ezagun askorentzat. Horien artean, honako izenburu hauek gogoratu behar dira: Fred Zinnemannen ‘Y llegó el día de la venganza’ (1964), Víctor Ericeren ‘El sur’ (1983); Juanma Bajo Ulloaren ‘Akixo’ (1989) y ‘Alas de mariposa’ (1991); Enrique Urbizuren ‘Todo por la pasta’ (1991); Eterio Ortegaren ‘Asesinato en febrero’ (2001); Lluís Danèsen ‘Llach: La revolta permanent’ (2006); Aitor Arregi eta Jon Garañoren ‘Handia’ (2017); Paul Urkijoren ‘Errementari’ (2018); Víctor Cabacoren ‘Vitoria, 3 de marzo’ (2019); Kepa Sojoren ‘La pequeña Suiza’ (2019); edo Daniel Calparsororen ‘El silencio de la ciudad blanca’ (2019).