Gasteizko Udalbatzak 2019-2023 legealdian izango duen antolakuntza onartu du gaur. Hain zuzen ere, udal jarduera zuzenduko duten 11 batzordeen egitura onartu da. Hauteskundeen emaitzei jarraituz, oposizioko lehen indarra da EH Bildu, eta udal taldeko sei zinegotziek bost batzorde gidatuko dituzte.
Amancay Villalba bi batzordetan lehendakaria izango da: Lurraldea (Hirigintza batzorde ohia) eta Ekonomiaren sustapen, enplegu, merkataritza, turismo, eta sozietate publikoak. Bietan lehendakariorde ariko da Rocio Vitero. Klimaren aldeko ekintza (Ingurumena) eta nekazaritza eremuko batzordeko burua Iratxe Lopez de Aberasturi izango da. Felix Gonzalez izango da lehendakariordea. Euskara, kultura, hezkuntza, kirola eta osasun batzordeari dagokionez, Alberto Porras ‘Titos’ zinegotziaren ardurapean geratuko da, Iradokizun eta erreklamazio batzordea bezala. Bi batzorde horietako lehendakariordeak Iratxe Lopez de Aberasturi eta Rocio Vitero izango dira, hurrenez hurren.
Koalizioak, halaber, udaleko sozietate publikoetan izango dituen kontseilariak izendatu ditu. Ensanche XXI Zabalgunean Felix Gonzalez eta Unai Fernandez de Betoño ariko dira. Tuvisa garraio enpresa publikoan Felix Gonzalez eta Javi Nuñez izango dira kontseilariak. Gonzalez, gainera, koalizioaren ordezkaria izango da Gilsan. Azkenik, Amvisa uraren enpresa publikoan kontseilari izango dira Amancay Villalba eta Josu Encina.
EH Bilduk jakin ahal izan duenez, joan den ekainaren 15ean, udalbatza berria eratu zen egunean bertan, Larrialdi Sozialeko Udal Zerbitzuen (SMUS) erabiltzaile bat identifikatu zuen Udaltzaingoak. Ondoren, Espainiako Poliziaren komisariara eraman zuten, eta han atxilotu, ziega batean sartu, eta kanporatua izateko dosierra jakinarazi zitzaion.
Gertatutakoa oso kezkagarria da, kontuan hartuta SMUSen erabiltzaileak ahuldade egoera berezietan daudela. «Gasteizen gizarte zerbitzuen babesa eskatzen duzunean, atxilotua izan zaitezke. Zerbitzu horien erabiltzaileak kriminalizatzen ari gara? Larrialdiko arreta zerbitzu horiek ezin dira sarbide bihurtu atxiloketak egiteko edo arrazan nahiz jaiolekuan oinarritutako eskubideen urraketarako», azaldu du Rocio Vitero zinegotziak.
Ez da halako gertaera bat jazo den lehenbiziko aldia. Joan den martxoaren 4an orduko Politika Sozialen zinegotzi arduradunak, Peio Lopez de Munainek, agerraldia egin zuen batzorde batean, antzeko salaketa bati erantzuteko. Zinegotziak ukatu egin zuen egoera irregularrean dauden pertsona atzerritarrak identifikatzeko protoloak indarrean daudela, esan zuen identifikazioek ez dutela «inolaz ere» pertsona horien legezko egoera kontrolatzeko helburua, eta ziurtatu zuen «kasu bakana» izan zitekeela. Ekainaren 15eko gertaerek agerian utzi dute ez zela izan kasu isolatu bat.
EH Bilduren ustez, gizarte zerbitzuetarako sarbidea ezin da mugatu pertsonen erresidentzia egoeraren arabera, eta Udaltzaingoak gizarte zerbitzuen egoitzetan egiten duen segurtasun jarduna ezin da inolaz ere erresidentzia egoera hori egiaztatzeraino zabaldu. Koalizioak politika sozialen eta segurtasunaren arduradun berriei azalpenak eskatuko dizkie, ahal bezain pronto.
Urtaranen gobernuak 6 hilabetez baino gehiago izan du ezkutatuta txostena, non "aparteko kalitatezko ekipamendua" lor daitekeela jasotzen den, 3 milioi eurotik beherako kostua duen erreforma eginda
EH Bilduk euskara erabili eta sustatzeko konpromisoa berretsi du, eta, horregatik, ez da PPren ondoan agertuko Adierazpenaren egunean; izan ere, PPk, beste behin ere, gure hizkuntzari eraso egin dio azken asteetan
Miren Larrion EH Bilduko bozeramailea: “Urtarani berriro ere adarra jo diote berriro ere, eta zaborren kartelak hiriari ezartzen dion xantaian erortzen ari da"
Miren Larrion, EH Bilduko bozeramailea: “Larrialdi klimatikoari erantzutea da gure proposamenaren helburua, eredu sozialago eta feministago baterantz aurrera egitea eta Gasteiz berdintasunezko hiri solidario eta zaintzaile bihurtzea”