AKTUALITATEA


| 2021-11-15 11:23:00

EH Bilduk azaldu duenez, FOFELen bidez eta 2021eko aurrekontuaren behin-behineko likidazioaren arabera aurreikusitako ekarpena aztertu ondoren, Gasteizko Udalaren aldeko saldoa 18 milioi eurokoa izango da, aurreko urtean baino 8 milioi euro gehiago. Hau da, Gasteizko Udalak, FOFELen bidez eta dagozkion hainbat doikuntzaren ondoren, 10 milioi eurotik gorako injekzio ekonomikoa jaso dezake. Baina, larriena, Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak adierazi duen bezala, Urtaranen gobernuak aurrekontuen eztabaida publikorako ekarpen hori ezkutatuko zuela da. «Diru hori ez da EAJrena, ezta PSErena ere. Gasteiztar guztien ahalegin fiskalari dagokio. Horregatik, Urtarani gardentasunez jokatzeko eskatzen diogu, aparteko diru-sarreren aurreikuspen hori aurrekontu-eztabaidan sartuz, eta taldeei diru horrekin zer inbertsio lehenetsi behar diren proposatzeko aukera emanez», adierazi du zinegotziak.


Urtaranen gobernuak FOFEL bidez jaso den 185,9 milioi euroko ekarpena gehitu dio 2022ko aurrekontuari. Hau da Gasteizi dagokion zenbatekoa, CETALFAn (Arabako Toki Administrazio eta Finantzetako Lurralde Kontseilua) jakinarazita. Hala ere, hori ez da udalak AFAtik jasoko duen ekarpen guztia. Izan ere, EH Bilduren kalkuluen arabera, azken likidazioak 18 milioi euro inguruko saldoa utz lezake Udalaren alde, eta, dagozkion doikuntzen ondoren, aparteko injekzioa izango litzateke, 10 milioi eurotik gorako inbertsioak egiteko aukera emango lukeena.


Diru hori ez da sartu aurrekontu proiektuan, eta EAJ eta PSEren gobernuak eztabaida publikoari ezkutatu nahi dio. Eta ez da lehen aldia. Izan ere, hori bera egin zuen joan den urtean, eztabaida publikoaren ondoren, azken likidazioak Udalaren aldeko 10 milioi euroko saldoa uzten zuela iragarri zuenean. Saldo hori, hainbat doikuntzaren ondoren, udalaren aurrekontuan sartu zen, 7 milioi euro estra, eta aldebakarrez nora bideratuko zen erabakita.


EH Bilduk «gardentasuna» eskatu dio Urtaranen gobernuari, zenbateko hori Gasteizko herritarren beharrei erantzuteko erabili ahal izateko. «Une garrantzitsu batean gaude. Etorkizuneko Gasteiz eraikitzea dago jokoan. Gizarte ongizatean, trantsizio energetikoan, ekoizpen eraldaketan edo hiri berrikuntzan, besteak beste, funtsezko erronkei aurre egin behar diegu, eta horiei erantzun behar zaie lehentasuna aparteko funts horien erabilera definitzerakoan. EH Bilduk proposamen zehatzak egingo ditu zentzu horretan», adierazi du zinegotziak.