Vitoria-Gasteizko Udalak hiriko ‘enpresen lehen hazitegi komertziala’ jarri du martxan. Erdigune Historikoan dago eta Gobernu Taldearen Udal eta EH Bilduren artean adostutako 2025eko aurrekontu-akordioari esker jarri da proiektua abian.
Gaur goizean ekimena aurkezteko egin den prentsaurrekoan, Maria Nanclares Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotziak eta Rocio Vitero EH Bildu Gasteiz taldeko bozeramaileak hartu dute parte.
“‘Enpresen hazitegi komertzial’ berri honen bidez, merkataritza-negozioko ideia berriak abian jartzen lagundu nahi dugu, eta autoenplegua sustatu. Horrez gain, ekintzaileei beren negozio-ideia bideragarria den egiaztatzen lagundu nahi diegu, merkataritza-lokal bat epe luzera begira erosi edo alokatu beharrik izan gabe. Era berean, Erdi Aroko Hiriguneko Enpresa Hazitegia handitzea lortu dugu, gaur egun erabiltzen ez diren eta kale enblematikoetan kokatuta dauden lokalak berreskuratuz eta, horrela, haien okupazioa bultzatuz”, adierazi du Nanclaresek.
Bestalde, EH Bilduko zinegotzi Aitziber Salazarrek adierazi duenez, “merkataritza dinamizazioa ardatz estrategikoa da EH Bildurentzat, besteak beste, Gasteiz hiri bizia izatea baitakar. EH Bilduk urrats bat aurrera eman nahi du eta sektore ekonomikoari zuzenean lagunduko dioten neurriak landu nahi ditu. Horregatik, merkataritza-enpresen hazitegi berri hau martxan jartzeko deialdia aurkezten dugu gaur. Gasteizen jarduera ekonomiko berri bati ekin nahi dioten pertsonek beren negozioak ezartzeko lokal bat izan dezaten, gehienez 5 urterako, eta alokairuaren %50eko laguntza izan dezaten lehen 3 urteetan. Euskal Herria Bilduk akordioetan parte hartzen duenean, herritarrek irabazten dutela erakusten duen beste adibide bat da hau”.
Hedegile kaleko 40. zenbakian dagoen lokal berri hau Udal Enpresa Zentroen sarean sartu da. Aste gutxi barru, Udalak bigarren lokal bat aurkeztuko du kale bereko, Hedegile kaleko, 38. zenbakian. Lokala egokitzeko Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa jaso da.
Udal Enpresa Zentroen sarea
Udalak Enpresa Zentroa du Erdi Aroko Hirigunean, eta enpresa sortu berrien eskura jartzen ditu berrikuntzarekin eta teknologiarekin lotutako enpresa-proiektu berrietan modu desberdinean lan egiteko espazioak, zerbitzuak eta jarduerak. Horietako batzuk dira Eskola kalean dagoen zentroa eta Hazitegi hedatua (Alde Zaharreko hainbat kaletan ditu egoitzak).
Gainera, Jundizko Udal Enpresa Zentroa sustatzen du. Zentro horren helburua sortu berri diren enpresei ostatu ematea da, enpresa horiek sendotzeko behar dituzten estaldura eta laguntza eskainiz (bulegoak eta pabilioi industrialak, besteak beste).
Eta nekazaritza sektorean ekiteko asmoa dutenentzat, Basaldea Nekazaritza Ekologikoko Enpresen Zentroa dago, Abetxukun.
Gasteizko Alde Zaharreko Hazitegi Komertzial berriarekin, Udalak pauso berri bat eman du merkataritzaren sektorean ekin nahi dutenei aukera hori eskainiz. Horrela, Udalak negozio-ideia komertzial berriak martxan jartzen lagundu, autoenplegua sustatu eta ekintzaileei beren negozio-ideia bideragarria den egiaztatzen lagunduko die, merkataritza-lokal bat epe luzera begira erosi edo alokatu behar izan gabe.
Deialdia
Gasteizko enpresen hazitegi komertzialeko lokaletako batean sartzeko deialdia urrian irekiko da, Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.
JEZen alta eman zutenetik hiru urte baino gehiago igaro ez diren eta enpresa-plan bideragarria duten enpresek eskuratu ahal izango dituzte baliabide horiek, baldin eta merkataritza-jarduera horiek egiteko lokalik ez badute edo jarduera hori garatzeko nahikoa ez den edo desegokia den lokala badute.
Gune berri horretan gehienez 5 urterako negozioak ezarri ahal izango dira, eta lehen 3 urteetan alokairuaren % 50eko laguntza jasoko dute.
Era berean, enpresak profesionalizatzen eta sendotzen laguntzeko jarduera-agenda bat izan dezakete.
2023-2026 Gasteizko Merkataritzako eta Ostalaritzako Plan Estrategikoarekin lerrokatuta dago proiektua.